Mundua -
SARRASKIA SIRIAN
Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, Gobernuan dauden jihadistak hilketa masiboak egiten ari dira
Nazio Batuen Erakundeko goi-komisarioak informazio "izugarriak" iritsi zaizkiela esan du, familia osoak hil eta exekuzio masiboak egin dituztela. Siriako presidenteak ikerketa abiatuko duela iragarri du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, gutxienez 1.311 pertsona, 830 zibil tartean, exekutatu dituzte "hotz-hotzean" ostegunetik Latakia probintzian, Siriako kostaldean, Gobernuko indarrek, Baxar al-Assad presidente ohiaren aldeko matxinoek administrazio berriko tropei eraso egin ondotik.
Eraso horien ostean, borroka bortitzak izan dira, beste probintzia batzuetara ere zabaldu direnak, eta, antza denez, enfrentamenduen ostean, ehunka pertsona hil dituzte gaur egungo agintarien zerbitzura dauden indar armatuek. Biktima gehienak alauiak dira, Al-Assad presidente ohia bezala.
Volker Turk Giza Eskubideetarako Nazio Batuen goi-komisarioak jakitera eman duenez, eurei ere informazio "beldurgarriak" iritsi zaizkie, familia osoak hil eta aurkariak exekutatu dituztela, besteak beste.
Turkek ohar bidez jakinarazi duenez, "behin-behineko agintarien segurtasun indarretako kideek daude exekuzioen atzean, baita aurreko agintarien aldekoak eta identifikatu gabe dauden elementu batzuk ere". NBEko Giza Eskubideen arduradunak "oso asaldagarritzat" jo ditu "familia osoen, tartean emakumeen eta haurren" erailketei buruzko informazioak. "Ikerketa azkar, garden eta inpartzialak hasi behar dira hilketa horien eta beste urraketa guztien inguruan arduradunak zigortzeko", esan du.
Nazioarteak ere kezka handia agertu du Latakiako kostaldean zibilen sarraskia izan dela esaten duten informazioak jaso ostean.
Sarraskiaren erantzuleak "muturreko terrorista islamistak" direla esan du AEBk
Marco Rubio AEBko Estatu idazkariak azken egunotan Siria mendebaldean izan diren "sarraskiak" gaitzetsi ditu, eta "muturreko terrorista islamistak" egin ditu horien erantzule, "atzerriko jihadistak barne".
Estatu Batuek gutxiengo erlijioso eta etnikoei babesa ematen jarraituko duela gaineratu du. Hala, kristauak, drusoak, alauiak eta kurduak aipatu ditu, eta "doluminak eman dizkie "biktimei eta haien familiei".
Siriako presidenteak bakerako deia egin du eta ikerketa batzorde bat iragarri du
Ahmed al Sharaa Siriako behin-behineko presidenteak "bake zibila" aldarrikatu du, eta batzorde "independente" bat eratuko dutela iragarri du, Siriako Mediterraneoko kostaldeko sarraskia ikertzeko eta erantzuleak justiziaren aurrera eramateko. Batzordea zazpi pertsonak osatuko dute, eta 30 egun izango dituzte gertatutakoa argitzeko.
Gaur goizaldean Damaskoko meskita batean emandako hitzaldi batean, Al Sharaak lasaitasunerako deia egin du. "Batasun nazionala eta bake zibila babestu behar ditugu", esan du, bere jarraitzaileei leporatzen zaien arren sarraskia.
Siria eta inguruko herrialdeak Jordanian daude bilduta
Bestalde, martxoaren 9 honetan, bilera hasi dute Ammanen (Jordania) Siriako eta inguruko herrialdeetako (Jordania, Turkia, Irak eta Libano) ordezkariek terrorismoaren aurkako borrokari buruz, droga eta armen kontrabandoari buruz eta beste "erronka komun" batzuei buruz hitz egin eta "lankidetza mekanismo praktikoak" adosteko.
Arduradun politikoen bileraren ostean prentsaurrekoa ematea espero da, eta egun hauetan gertatu dena aztertuko dute.