Mundua -
AEB
Muskek AEB NATOtik ateratzea eta "Europaren defentsagatik ordaintzeari uztea" babestu du
Hala erantzun dio Muskek X sareko erbailtzaile baten mezuari. FEMENek Parisen "epidemia faxista" salatzeko egindako protesta baten bideoari erantzunez, "Atera gaitezen NATOtik, oraintxe!" idatzi zuen hark, eta horren alde agertu da Musk bera.
Agentziak | EITB Media
Elon Musk AEBko Presidentetzaren aholkulariak AEB NATOtik ateratzearen alde egin du, "Europaren defentsagatik ordaintzea saihesteko".
X sare sozialeko erabiltzaile anonimo baten mezu batekin hasi da dena. "Atera gaitezen NATOtik, oraintxe!", idatzi zuen erabiltzaile horrek, FEMEN talde feministak Parisen egindako ekintza baten bideo bati erantzunez. Hainbat emakumek, soina biluzik, "epidemia faxista", EBko, Errusiako eta AEBko militarismoaren aurka egindako protesta bat salatu zuen horrela.
Emakumeak pauso militarrez desfilatzen ageri ziren, buruan txapel militarrak zituztela, Hitlerrenaren moduko biboteak eta herrialde horietako eta EBko banderak bularrean margotuta, svastika bana gainean zutela.
Muskek, munduko pertsona aberatsenak, zera erantzun du: "Zalantzarik gabe, [NATOtik] atera beharko genuke, ez du zentzurik AEB Europaren defentsa ordaintzen aritzea".
Geroago zabaldutako mezu batean, Muskek Ukrainako gerrari buruz ere hitz egin du. Horren ustez, "berehala geldituko" litzateke "Ukrainako hamar oligarka nagusiei zigorrak ezarriko balitzaizkie, bereziki Monakon etxeak dituztenei". "Hori da puzzlearen gakoa", horren arabera.