Mundua -
Ilargia
Athena espazio-zundaren misioa amaitu da, Ilargiaren krater baten barruan trebeska erori ondoren
Posizioagatik zundaren eguzki-panelek ez dute kargatzeko aukerarik. Athena otsailaren 26an aireratu zen Kennedy Espazio Zentrotik, SpaceX konpainiako Falcon 9 kohetean.
Agentziak | EITB Media
Athena espazio-zundaren misioa bukatu da, ostegunean krater baten barruan trebeska erori zelako. Ondorioz, eguzki-panelak ezin dira kargatu, Intuitive Machines konpainiak gaur azaldu duenez.
Athena ostegunean iritsi zen Ilargira, Euskal Herriko 17:30 aldera. Mons Mouton lautadatik 25 bat metrora erori zen, Ilargiaren Hego Polotik 160 kilometrora. Ontziak bidalitako eta gaur argitaratutako argazki batean, krater baten barruan geratu zela ikus daiteke.
"Eguzkiaren norabidea, eguzki-panelen orientazioa eta kraterreko tenperatura oso hotzak direla eta, Intuitive Machinesek ez du espero Athena kargatzea", onartu du konpainiak ohar batean.
"Misioa amaitu da, eta lantaldeek misioan bildutako datuak aztertzen jarraitzen dute", azpimarratu du konpainiak.
Aurretik, Odysseusek, 2024ko otsailean Ilargian pausatu zen enpresako beste moduluak, arazoak izan zituen. Azkarregi jaitsi zen, saiheska erori zen eta zango bat galdu zuen, eta, ondorioz, Lurrarekin komunikatzeko gaitasuna murriztu zitzaion.
Athena otsailaren 26an aireratu zen Kennedy Espazio Zentrotik (Florida), SpaceX konpainiako Falcon 9 kohetean.
IM-2 misioaren helburua Mons Mouton eskualdean ura bilatzea zen, hori erabakigarria baita etorkizuneko misioentzat eta Ilargiaren balizko kolonizazioarentzat.
Joan den igandean, beste konpainia estatubatuar batek, Firefly Aerospacek, arrakastaz lurreratu zuen Blue Ghost ontzia Ilargian. NASAk enpresa pribatuekin duen aliantzaren parte da misioa.