Mundua -
Ekialde Hurbila
Siriak baketik urrun jarraitzen du: ia 150 pertsona hil dituzte azken bi egunetako borrokaldietan
Joan den abenduaren 8an Baxar al Asad Siriako presidente ohia boteretik kendu zutenetik Sirian izandako egunik odoltsuenak dira. Erasoak Siriako eskualde mediterraneoetan gertatzen ari dira, bereziki Latakia probintzian, alauien gotorlekuan.
Agentziak | EITB Media
Siriako administrazio berriko segurtasun indarren eta gutxiengo alauiaren taldeen arteko bi eguneko borrokaldietan ia 150 pertsona hil dituzte. Iragan abenduaren 8an Baxar al-Assad Siriako presidente ohia boteretik kendu zutenetik Siriak bizi izandako egunik odoltsuenak dira.
Giza Eskubideen Siriako Behatokiak gaur ziurtatu duenez, bi egunetan gutxienez 147 pertsona hil dituzte borrokaldietan Siriako eremu mediterraneoetan, bereziki Latakia probintzian, gutxiengo alauiaren gotorlekuan. Al-Assad familia ere bertan bizi izan zen.
Borrokaldietan segurtasun indar berrietako 37 kide, 34 miliziano alaui eta 7 zibil hil dituzte, egoitza Erresuma Batuan duen gobernuz kanpoko erakundearen arabera.
Hildako horien artean Errefuxiatu Palestinarrentzako NBEren Agentziako (UNRWA) langile bat dago, Philippe Lazzarini erakundeko buruak X sare sozialean jakinarazi duenez.
Segurtasun indar berriek exekuzioak egin dituzte
Behatokiak ohartarazi duenez, Damaskoko administrazio berriko segurtasun indarrek beste 69 pertsona alaui exekutatu dituzte, batez ere Al Hafa, Al Mojtareya eta Al Sher udalerrietan, Latakian.
Liskarrek gatazka sektario berri baten beldurra ere piztu dute, Damaskoko agintariak Sirian bizi diren etnia eta erlijio ezberdinen arteko batasun irudia ematen saiatzen ari diren unean.
SANA Siriako albiste-agentzia ofizialak atzo jakinarazi zuenez, Latakiako eta Tartusko sei ospitaleen aurkako "eraso zuzenak" egin zituzten "erregimen zaharreko milizianoek", eta ekintzaile erakundeek salatu zuten talde armatuek anbulantzien eta manifestari baketsuen kontra ere jo zutela.
Etxeratzeko agindua Latakian eta Tartusen
Agintariek larunbatera arte luzatu dute etxeratzeko agindua Latakia eta Tartus probintzietan. Bitartean, borrokaldiek jarraitzen dute, alaui talde horiek sendo egin baitira zenbait herritan.
Behatokiaren arabera, segurtasun indarrek Banias bezalako funtsezko herrien eta ia Jabla osoaren kontrola berreskuratu dute, eta miliziano alauiek "Siriako kostaldeko mendietako hainbat hiri eta herritan tinko jarraitzen dute".
Duela hiru egun, Siriako indarrek operazio bat abiatu zuten Latakian, ustez Al-Assaden aldeko indarrek bi soldadu segada batean hil ondoren, SANAren arabera, agintari berriak erregimen zaharreko kideen aurka sarekadak egiten ari diren unean.