Mundua -

Europar Batasuna

Macronek Frantziaren arma nuklearrak eskaini ditu "Errusiaren mehatxuaren" eta AEBren "zalantzen" aurrean

Telebistaz nazioari zuzendutako mezu batean ohartarazi duenez, haren ustez "Errusia ez da Ukrainarekin konformatuko" eta AEBk gerrarekiko "jarrera aldatu du". Horren aurrean, Macronen aburuz, Europak bere burua "prestatu" behar du.

Macron, telebistaz eskainitako mezuan. Argazkia: EITB Media
Macron, telebistaz eskainitako mezuan.

Macron, telebistaz eskainitako mezuan. Argazkia: EITB Media

Agentziak| EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron Frantziako presidentea prest agertu da Frantziaren armategi nuklearra Europako aliatuekin partekatzeko Errusiaz eta AEBz babesteko.

"Gure disuasio nuklearrak babestu egiten gaitu, frantziarra da hasi eta buka (...). Gure aliatuei disuasio nuklearra zabaltzeko eztabaida estrategikoa abiatu dut. Dena dela, Errepublikako presidenteak edukiko du hura erabiltzeko azken hitza", esan du telebistaz nazioari zuzendutako hitzaldi batean.

Macronen aburuz, Europak bere buruaren babesa indartu behar du "Errusiaren mehatxuaren" eta AEBk Europako segurtasuna bermatzeko azaldutako "zalantzen" aurrean.

Frantziako presidenteak nabarmendu duenez, Errusia "mehatxua da Frantziarentzat eta Europarentzat", eta Moskuk azken urteetan egindako erasoak zerrendatu ditu, horren adibide: "Erbestean bizi ziren oposizio-kideak erailtzea, hauteskundeetan eskua sartzea, zibererasoak, desinformazio kanpainak eta Europako mugetan Errusiako abioiek eta ontziek egindako probokazioak".

Macronek gogorarazi duenez, Errusiak Ukrainari eraso zion 2022an, eta ordutik gatazka "mundu mailakoa" bihurtu da, Ipar Koreako eta Irango indar militarrak tartean sartuta. "Ezin gara Errusiaz fidatu. Ukrainak bakea eta segurtasuna izateko eskubidea du. Nork sinistuko du Errusia Ukrainarekin konformatuko dela?", galdetu du.

Donald Trumpen gobernu berria hizpide, Macronek deitoratu du AEBk, "gure aliatua denak", gerrari buruzko "jarrera aldatu" duela: "Ukraina gutxiago babesten du eta etorkizunari begira zalantzak azalarazi ditu". Zalantzon aurrean, Frantziako presidenteak uste du "Europak bere burua prestatu" behar duela, "zer gerta ere".

"Europaren etorkizuna ezin du Washingtonek edo Moskuk erabaki. Mehatxua ekialdetik dator, eta (Berlingo) harresiaren erorketaren osteko egonkortasuna ez da existitzen", ohartarazi du. Halaber, iragarri du datorren astean Europako Estatu Nagusien buruekin bilera egiteko asmoa duela, Ukrainako balizko bakea aztertzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Europa Errusia Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Emmanuel Macron Errusia-Ukraina gerra