Mundua -

Ekialde Hurbila

Etxe Zuriak eta Hamasek elkarrizketak izan dituztela baieztatu dute

Ameriketako Estatu Batuek ez dute inoiz Hamasekin zuzenean hitz egin, Washingtonek "erakunde terroristatzat" jotzen baitu 1997tik. Bilerak Dohan egin dituzte azken asteetan.

Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramailearen prentsaurrekoa. Argazkia: EFE
Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramailearen prentsaurrekoa. Argazkia: EFE

Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramailearen prentsaurrekoa. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamas Palestinako erresistentzia erakundearekin "elkarrizketak eta eztabaidak" dituztela baieztatu du gaur Etxe Zuriak. Era berean, Hamasek baieztatu du azken egunotan Adam Boehler Etxe Zuriaren ordezkari bereziarekin zuzeneko elkarrizketak izan dituela Gazako su-etenaren akordioaren gainean, Bassem Naim erakunde palestinarreko goi-kargudunak EFEri azaldu dionez.

Ameriketako Estatu Batuek ez dute inoiz Hamasekin zuzenean hitz egin, Washingtonek "erakunde terroristatzat" jotzen baitu 1997tik.

Karoline Leavitt Etxe Zuriaren bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenez, elkarrizketa horien berri eman diote Israeli.

Hala ere, Leavittek ez du negoziazioen edukian sartu nahi izan, gaiaren konplexutasuna dela eta, baina berretsi du "elkarrizketak eta eztabaidak" badaudela.

Bozeramaileak Hamasekin hitz egiteko ikuspegi hori defendatu du, gatazkaren amaiera lortzeko bide posible gisa. Izan ere, gutxienez 48.000 palestinar hil dituzte Gazako sarraskian. Zerrendan 59 gatibu israeldar daude oraindik, eta uste dute horietatik 30 baino gehiago hilda daudela.

"AEBko herriarentzat onena dena egiteko, elkarrizketa eta mundu osoko pertsonekin hitz egitearen alde egiten du presidenteak. Fede oneko ahalegina da herri estatubatuarraren alde zuzen jokatzeko", azpimarratu du bozeramaileak.

Axiosek gaur jakitera eman duenez, elkarrizketen berri duten bi iturri aipatuta, Boehlerren eta Hamasen ordezkarien arteko batzarrak Dohan egin dituzte azken asteetan.

Elkarrizketak gatibu estatubatuarren askatzean oinarritu dira, Boehlerren eskumena baita eta Washingtonek gai horietarako bidali baitu; baina Gazan dauden gatibu guztiak askatzeko balizko akordio zabalago bati eta gatazkari amaiera emateko itun bati ere heldu diote, Axiosek aipatutako iturrien arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Israel Palestina Ekialde Hurbila Hamas Benjamin Netanyahu