Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

Trumpek iragarri du apirilaren 2tik aurrera nekazaritzako produktuei muga-zergak ezarriko dizkiela

Hala ere, AEBko presidenteak ez du zehaztu produktuen zerrendarik, ezta salbuespenik egongo den ere. Gainera, astearte honetan Txinako produktuei % 10eko zerga gehigarri bat aplikatzea aurreikusi du Trumpek, eta Mexiko zein Kanadako inportazioei % 25eko muga-zerga ezarriko die.

Donald Trump AEBko presidentea. Argazkia: EFE
Donald Trump AEBko presidentea. Argazkia: EFE

Donald Trump AEBko presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidenteak aurrera jarraitzen du muga-zergen oldearekin, eta iragarri du apirilaren 2tik aurrera nekazaritzako produktuen inportazioei muga-zergak ezarriko dizkiela.

"Ameriketako Estatu Batuetako nekazari handiei: presta zaitezte askoz produktu gehiago ekoizten hasteko Estatu Batuetan BERTAN saltzeko. Kanpoko produktuei apirilaren 2an aplikatuko zaizkie muga-zergak. Dibertitu!", idatzi du presidenteak Truth Social sare sozialean.

Hala ere, Trumpek ez du zehaztu zein produkturi eragingo dieten neurri protekzionistek, ezta salbuespenik egongo den ere.

Espainiako Estatuak 3.500 milioi eurotik gorako balioa duten elikagaiak esportatzen ditu AEBra, Datacomexen 2024ko datuen arabera. Faktura horren % 30 (1.013 milioi) oliba-olioa saltzeagatik dator.

Oliba-olioari ardoaren esportazioek jarraitzen diote, 335 milioi eurorekin; mahaiko oliba, berriz, hirugarren partida garrantzitsuena da (200 milioi euro pasatxo). Beste partida garrantzitsu bat barazkien salmentatik dator, 74 milioi euro, eta molusku izoztuekin beste 84 milioi.

Trumpek behin baino gehiagotan esan du muga-zerga "hiztegiko hitzik ederrena" dela, eta negoziazio-tresna gisa erabili du, bai lehen agintaldian (2017-2021), bai orain, merkataritzan, migrazioan eta segurtasunean kontzesioak lortzeko.

Protekzionismoa

Urtarrilaren 20an Etxe Zurira itzuli zenetik, Trumpek hainbat estaturen aurkako muga-zergak iragarri ditu, baina orain arte bakarra aplikatu du: otsailaren 4an % 10eko zerga ezarri zuen Txinako inportazioen gainean.

Astearte honetan Txinako produktuei beste % 10eko zerga gehigarri bat aplikatzea aurreikusi du, horrela karga % 20ra igoz ondasun horien gainean. Bere lehen agintaldian, dagoeneko Txinako produktuei 300.000 milioi dolar baino gehiagoko zergak ezarri zizkien, gehienak indarrean jarraitzen dutenak. Gainera, Trumpek % 25eko muga-zergak ezarriko dizkie Mexiko eta Kanadako inportazioei astearte honetan bertan.

Altzairuaren eta aluminioaren gaineko % 25eko muga-zerga berriak ere iragarri ditu handi-mandiak, eta martxoaren 12an sartuko dira indarrean.

Azkenik, otsailean, Trumpek iragarri zuen "elkarrekiko muga-zergak" ezarriko zizkiela AEBko produktuak zergapetzen dituzten estatuei edo Washingtonek oztopotzat jotzen duena aplikatzen dutenei, herrialde horiek Estatu Batuetako esportazioei aplikatzen dizkieten tarifak berdintzeko helburuarekin. Europar Batasuna (EB) kaltetuenen artean egongo litzateke.

Oraindik ez dago muga-zerga horiek indarrean jartzeko datarik, lehen urratsa estatu bakoitzak aplikatutako tarifak eta neurriak aztertuko dituen txosten bat egitea izango baita. Dokumentu hori Trumpen esku jarriko dute, eta hark hartuko du azken erabakia.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Nekazaritza