Mundua -

UKRAINAKO GERRA

Ukrainak AEBri egindako eskariei eutsiko die eta Trumpek ez du Zelenskiren jarrera "luzaroan" onartuko

Donald Trumpek bilera egingo du arratsaldean bere aholkulariekin, Kievera armak bidaltzen jarraitu ala ez erabakitzeko. Ukrainak segurtasun-bermeak izatea defendatzen du Europak ere eta Europa bera berrarmatzea ere mahai gainean dago une honetan.

Trump eta Zelenski aurreko ostiralean. Argazkia: EFE
Trump eta Zelenski aurreko ostiralean. Argazkia: EFE

Trump eta Zelenski aurreko ostiralean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Europatik jaso duen babesari erreferentzia egin dio astelehen honetan, AEBri berriro eskatzeko Ukrainarentzat ezinbestekoak diren segurtasun-bermeak kontuan har ditzala, Errusiarekin negoziazio formalak hasi aurretik. Errusiak, berriz, garrantzia kendu dio Frantziak eta Erresuma Batuak bakea lortzeko bide-orri propioa aurkezteko abian jarritako ekimenari.

"Abiapuntu berak elkartzen gaitu guztiok: benetako bakea lortzeko, benetako segurtasun-bermeak behar dira. Eta hori da Europa osoaren jarrera, kontinente osoarena. Erresuma Batua, Europar Batasuna, Norvegia, Turkia", esan du Zelenskik goizaldean nazioari zuzendutako hitzaldi batean, Londresen egindako goi-bileraren ondoren. Bilera horretan, dozena bat herrialdetako ordezkariek babesa eman zioten Etxe Zurira egindako bisita gogorraren ostean.

Zelenskik adierazi duenez, Europako buruzagi nagusiek eta Ukrainak "jarrera komunak" zehaztuko dituzte epe laburrean, eta, ondoren, Donald Trump AEBko presidenteari helaraziko dizkiote.

Zelenskik aipatu dituen "jarrera komun" horiek igandean Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak iragarritako ekimenetik abiatuko dira. Ekimen horrekin, bat egiten duten herrialdeek Ukrainari ematen dioten laguntza militarra areagotuko dute, negoziazioetara indartsu irits dadin, eta, aldi berean, AEBren babesa izango duen Europan bakerako indar bat sortzea adostu nahi dute.

Testuinguru horretan, badirudi Zelenski Trump "nekarazten" ari dela. AEBko presidenteak ohartarazi du ez dituela "askoz denbora gehiagoz" onartuko Ukrainako agintariaren jarrerak.

Trumpek Truth sare sozialean zabaldu du mezu hori, Associated Pressek zabaldu duen titular batekin batera. Hau esaten du titularrak: "Zelenski Ukrainako presidenteak dio Errusiarekiko gerraren amaiera oso-oso urrun dagoela".

Ukrainara armak bidaltzen jarraitu ala ez erabakitzeko bilera

Donald Trump AEBko presidenteak segurtasun bermeen auzia su-etena lortu arte atzeratu nahi du eta Ukraina armatzen jarraitzeko konpromisoa hartzea ere saihestu du orain arte Trumpek.

Hain zuzen ere, aholkulariekin bilduko da astelehen honetan AEBko presidentea, Kievera armak bidaltzen jarraituko duen ala ez erabakitzeko eta Ukrainari buruzko jarrera zehazteko.

ABC kateak astelehen honetan jakinarazi duenez, bilera arratsalderako aurreikusita dago, eta Mike Waltz Segurtasun Nazionaleko aholkulariak, Marco Rubio estatu-idazkariak eta Pete Hegseth Defentsa idazkariak hartuko dute parte.

Bilera ez da Trumpen agenda ofizialean agertzen, eta, EFE agentziak galdetu dionean, Etxe Zuriko prentsa bulegoak ez du bilera dagoenik baieztatu. Dena den, hala ari dira zabaltzen AEBko komunikabide nagusiak.

Errusiaren jarrera

Kremlinek uste du Starmerrek abiatutako planak "kontraesanak" dituela: "Han (Londresen) Ukrainarentzako finantzaketa maila handiagoa urgentziaz bermatzeko beharrari buruzko adierazpenak entzun ziren. Hori, argi eta garbi, ez da bake plan baterako, ekintza militarren jarraipenerako baizik", esan du Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak, telefono bidezko prentsaurrekoan.

Zelenskiren eta Trumpen arteko ika-mika ere hizpide izan du Peskovek: "Kievek eta Zelenskik ez dute bakea nahi. Gerrarekin jarraitu nahi dute", adierazi du.

Gainera, Errusiako agintariek ez dute begi onez ikusten, Starmerren planean aurreikusten den bezala, Errusiarekin gerra amaitzea lortu ondoren ere Ukrainari armak bidaltzen jarraitzea, proposamen hori "pedofilo kleptomano bati haurtzaindegi batean kontu-hartzaile lana ematea bezala da", idatzi du Telegramen Maria Zajarova Atzerri Ministerioko bozeramaileak.

Starmer: AEB "ezinbestekoa da eta beti izango da" Erresuma Batuarentzat

Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa bertako Parlamentuan izan da gaur joan den ostegunean AEBko presidentearekin izan zuen bileraren laburpena egiteko. "Argi eta garbi esango dut, Amerikarekin dugun harremana indartu behar dugu, gure segurtasunagatik, gure teknologiagatik, gure merkataritza eta inbertsioagatik", adierazi du.

"Estatu Batuak ezinbestekoak dira eta beti izango dira ezinbesteko, eta guk ez dugu inoiz Atlantikoaren alde bat edo bestea aukeratuko", gaineratu du.

Donald Trumpek Zelenskirekin izandako jarrera polemikoaren gainean, buruzagi laboristak esan du inork ez lukeela zalantzarik izan behar Trump presidenteak Ukrainaren eta Errusiarekin arteko gerran bakea lortu nahi duenik: "Ganbera honetan inork ez luke zalantzan jarri behar, ezta segundo batez ere, bere konpromisoa zintzoa dela", azpimarratu du.

Halaber, lehen ministroak berretsi du Ukrainaren etorkizuna ezinbestekoa dela Erresuma Batuaren "segurtasunaren etorkizunerako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Europa Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski