Mundua -
TURKIA
PKK-k su-etena iragarri du, eta armak utziko ditu Ocalanen gidaritzapean
Buruzagia askatzeko eskatu du, kongresu bat antolatzeko eta bertan "bakearen eta gizarte demokratikoaren aldeko" pausoak adosteko.
agentziak | eitb media
Kurdistango Langileen Alderdiak (PKK), kurduek Turkian duten gerrillak, su-etena agindu du, eta iragarri du armak utziko dituela Abdullah Apo Ocalan buruzagi espetxeratuaren gidaritzapean.
"Apok bakearen eta gizarte demokratikoaren alde egindako deialdiari bidea irekitzeko, su-etena ezarri dugu gaur", adierazi du PKK-k agiri baten bidez.
"Erasotzen ez badigute, ez dugu ekintza armatu gehiago egingo", gaineratu du ANF agentziak zabaldutako mezuan.
Ocalan preso dago 1999tik, eta ostegunean armak uzteko deia egin zion PKKri, DEM alderdi ezkertiarraren bitartez, 40 urtez Turkian izan duten gatazka armatuari amaiera emateko.
"Gainera, desarmatzea ere egin ahal izango dugu, baina hori Aporen gidaritzapean egin behar da", adierazi du PKK-k, Ocalanek eskatutako kongresua antolatzeko asmoa ere baduela iragarri aurretik.
"Hori egiteko, segurtasun giro egokia sortu behar da, eta kongresuak arrakasta izan dezan, Aporen gidaritza izan behar du", esan dute komunikatuan.
Horren harira, PKK-k buruzagia askatzeko eskatu du, kide guztien arteko elkarrizketa ahalbidetzeko.
DEM alderdi kurduak espero du PKK-k eta Turkiak "hiru hilabeteren buruan" sinatzea behin betiko su-eten akordioa
Kurdistango Langileen Alderdiak (PKK) su-etena aldarrikatzeko funtsezkoa izan den Berdintasunaren eta Herri-Demokraziaren aldeko Alderdi (DEM) kurduak espero du erakunde armatuak eta Turkiako Gobernuak "hiru hilabeteren buruan" lortu ahal izango dutela behin betiko akordioa, ia lau hamarkada iraun duen gatazka armatuari amaiera emateko.
"Gauzarik zailena egin da", adierazi du Sirri Sureyya Onder Istanbulgo DEM alderdiko diputatuak, eta PKK-k iragarritako su-eten historikoa sendotzeko egin beharreko hurrengo urratsei dagokienez euren zatia beteko dutela ziurtatu du.
DEMek PKKren eta Turkiako Gobernuaren arteko bitartekaritza lana egin du, espetxean horren buruarekin (Abdullah Ocalan) bilduta.
Onderrek baieztatu duenez, hurrengo astetik aurrera, bilera tekniko batzuk hasiko dira, su-etena bideratzeko, eta 12 aste iraungo dutela aurreikusi dute.
Erdoganek "burdinazko ukabila" erabiliko duela esan du, gauzak ondo joaten ez badira
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak, bere aldetik, esan du "burdinazko ukabila" aplikatuko diela eskua luzatu eta hartu ez edota iruzurra egin nahi dutenei.
"Gorrotoaren hizkuntza, borroka eta tentsioa elkarren arteko errespetuagatik, tolerantziagatik eta elkarrizketagatik ordezkatzen jarraituko dugu. Baina beti izango dugu burdinazko ukabila prest gure eskua onartzen ez dutenentzat edo hozka egiten saiatzen direnentzat", esan du agintariak.
Erdoganek Istanbulen antolatutako afari batean egin ditu adierazpenok, ramadanaren lehen egunean, borrokan hildako militarren senideekin.
"Emandako hitza betetzen ez bada, etengabeko atzerapenak gertatzen badira, gezurrezko keinuak edo trikimailuak badaude, guk ez dugu errurik izango. Gure operazio militarrekin jarraitu behar badugu, hala egingo dugu, azken terrorista desagerrarazi arte", ohartarazi du.