Mundua -

ALEMANIAKO HAUTESKUNDEAK

PROFILA | Friedrich Merz, CDU alderdiaren alde kontserbadoreenaren ordezkari eta Angela Merkelen "etsai"

Brilonen (Alemaniako mendebaldean) jaio zen 1955ean, familia kontserbadore batean, eta oso gazte zela afiliatu zen Merkelekin partekatzen zuen alderdian. Harekin zituen desadostasun handien ondorioz, baina, alderdia utzi zuen 2009an eta 2021 arte ez zen itzuli .

Merzen jarraitzaile bat, bere kamiseta jantzita. Argazkia: EFE
Merzen jarraitzaile bat, bere kamiseta jantzita. Argazkia: EFE

Merzen jarraitzaile bat, bere kamiseta jantzita. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Friedrich Merz Batasun Kristau-Demokrataren (CDU) buruzagia izango da Alemaniako kantziler berria, bere alderdiak eta Bavariako Batasun Sozial-Kristauak (CSU) osatutako bloke kontserbadoreak hauteskunde orokorretan lortutako garaipenaren ostean.

Oso gaztetan hasitako ibilbide politiko oparoaren ondoren iritsiko da Merz Alemaniako Gobernura, 12 urtez politikatik kanpo egon eta gero.

Alderdiaren alderik kontserbadoreena ordezkatzen du Merzek eta duela gutxi asko kritikatu zuten AfDren babesarekin legez kanpoko immigrazioari mugak ixteko mozio ez-lotesle bat onartzeko prest egon zelako. Bere alderdikide izandako Angela Merkel kantziler ohiak ere gogor hitz egin zuen erabakiaren kontra.

Aipagarria da harreman zaila izan dutela betidanik Merzek eta Merkelek. Friedrich Merz, Merkel ez bezala, ez da adostasunak bilatzearen zale eta orain arte bere jarrera zorrotzengatik nabarmendu izan da, batez ere.

Politika ekonomikoan beti izan da desregulazioen eta pribatizazioen, zerga-sistemaren erabateko sinplifikazioaren eta gizarte-prestazioen murrizketen defendatzailea.

Defentsan, irmoki defendatu du Ukrainari laguntza ematea. Gaur egungo Gobernuak baino haratago joango nahi izan du eta behin baino gehiogotan esan izan du Vladimir Putin Errusiako presidenteari ultimatuma eman behar zaiola eta Ukrainara irismen luzeko misilak bidali behar direla.

Merkelekin edukitako gorabeherak

Merz Brilonen (Alemaniako mendebaldean) jaio zen 1955ean, familia kontserbadore batean.

1972an Gazteria Kristaudemokratetan (JU) sartu zen, eta 1976 eta 1982 artean Zuzenbidea ikasi zuen CDUtik gertukoa den Konrad Adenauer Fundazioko bekadun gisa.

1989 eta 1994 artean eurodiputatua izan zen eta gero Parlamentu federalera pasa zen. Bertan aritu zen lanean 1994tik 2009ra, etenik gabe, garai hartan kantziler eta CDUren presidente zen Angela Merkelekin zituen desadostasunak zirela medio, politika aldi batera utzi zuenera arte.

2002an igaro ziren alderdiko lehen lerrora Merkel eta Merz, legez kanpoko dohaintzen eskandalu batek eragindako krisi sakon baten ondorioz. Eskandaloaren ondorioz, Helmut Kohl kantziler ohiari ohorezko presidente titulua kendu zioten, eta Wolfgang Schäublek alderdiko eta legebiltzarreko talderen buru gisa dimisioa eman behar izan zuen.

Merzek Schäuble ordezkatu zuen talde parlamentarioaren buru gisa, eta Merkel jarri zuten alderdiaren buru.

Urte hartan bertan izan zuten lehen talka. CDU Batasun Sozialkristauarekin (CSU) batera aurkeztu zen hauteskundeetara. Galdu egin zuten —Gerhard Schröderrek irabazi zuen— eta hauteskundeak galdu ondoren, Merkelek talde parlamentarioaren buruzagitza beretzat eskatu zuen eta Merz bigarren maila batean utzi zuen.

Are gehiago urrundu egin ziren Merkel 2005ean Kantzelaritzara iritsi zenean, orduan Alderdi Sozialdemokratarekin (SPD) koalizio handi bat egin baitzuen.

SPDrekin egindako koalizio horrek ez zuen ematen esperimentu neoliberalak egiteko tarte handirik, Merzek horiek zituen gustuko, eta sozialdemokratei egindako kontzesioak gehiegizkoak iruditzen hasi zitzaizkion.

2007an Merzek iragarri zuen ez zela 2009ko hauteskundeetara aurkeztuko eta Joachim Merz bere aitak CDUn baja eman zuen, 51 urteko militantziaren ondoren.

Sektore pribatuan

2009 eta 2021 artean, abokatu gisa aritu zen lanean Friedrich Merz, baita hainbat enpresatako gainbegiratze eta administrazio kontseiluetan ere. Horietatik garrantzitsuena, 2016 eta 2020 artean, Alemaniako BlackRock inbertsio funts estatubatuarrean, gainbegiratze kontseiluko presidente gisa.

2018an Bild egunkariari emandako elkarrizketa batean, urtean milioi bat euro irabazten zituela esan zuen, eta, horrekin, "klase ertain-altutzat" jotzen zuela bere burua. Pilotu afizionatua da, eta hegazkin pribatu bat ere badu.

Une horretarako, politikara itzultzea planteatzen hasia zen, Merkel krisialdian zelarik (2017-2021). Hark agur esan ondoren, CDUra itzuli zen Merz 2021ean. Armin Laschet zen orduan CDUren buru eta hauteskundeak galdu zituzten SPDren aurrean. Orduan, Merzek alderdiaren eta talde parlamentarioaren buruzagitza hartu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Alemania Angela Merkel Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Alemania Hauteskundeak