Mundua -
Alemaniako hauteskundeak
Merz kontserbadoreak irabazi ditu Alemaniako hauteskundeak eta sozialdemokratekin osatu ahalko du koalizioa
Garaipenaren berri izan eta berehala, negoziazio prozesuari ekingo diola esan du Merzek, koalizio gobernua osatzeko bidean. Weidel ultraeskuindarrak gobernu horretan sartzeko proposamena egin dio baina Merzek ez du onartu. Scholzek bere porrota onartu eta CDU alderdia zoriondu du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Alemaniak eskuinera jo du berriz ere eta kolpe gogorra eman dio azken lau urteetan gobernatu duten sozialdemokratei. Inkestek aurreratu bezala, Angela Merkelen CDU alderdi kontserbadoreak irabazi ditu hauteskundeak (botoen % 28,6 eskuratuta). Oraingo honetan, Friedrich Merz hautagaiarekin. Hala, Merkelek 16 urte gobernuan eman ondoren, herrialdeak ezkerrera egin zuen, eta gaur, lau urte ere igaro ez direnean, alemaniarrak bide kontserbadorera itzuli dira, emaitza ofizialen arabera.
Batasun Kristau-Demokrata (CDU) alderdiko buru Friedrich Merzek, "munduan dauden krisi handiak ikusirik", koalizio gobernua osatzeko berehalako negoziazioak eskatu ditu Alemaniako hauteskundeetako lehen emaitzak jakin eta berehala.
"Gaur gauean garaipena ospatuko dugu, eta bihar bertan lanean hasiko gara", adierazi du.
"Gobernatu egingo dugu. 2025eko hauteskundeak irabazi ditugu, guk (CDU) eta CSUk (Batasun Sozial Kristaua); batasunak irabazi ditu 2025eko hauteskunde federalak", esan du Berlingo egoitza aurrean bildutako jarraitzaileen aurrean.
Esker oneko bere lehen hitzak CSUren buru Markus Soederrentzat izan dira: "Eskerrik asko elkarlanagatik".
"Badakit sekulako erantzukizuna dudala. Badakit lan handia dugula egiteko. Errespetu osoz hartzen dut ardura, eta badakit ez dela erraza izango", erantsi du eta gainerako alderdiei "begirunea" agertu die.
Hauteskunde kanpainaz esan du "konplexua" izan dela. "Orain, baina, batzuekin eta besteekin egingo dugu berba, eta garrantzitsuena ahal bezain pronto martxan izango den gobernu bat osatzea da, gehiengo sendo batekin", azpimarratu du.
Ultraeskuinak gobernuan sartzeko lehen ahalegina egin du
Alemaniarentzako Alternatiba (AfD) alderdi ultraeskuindarraren buru Alice Weidelek koalizio gobernuan sartzeko lehen pausoa eman du, botoen % 20,8 eskuratu baititu.
"2021eko hauteskundeetatik emaitza bikoiztu duen alderdi bakarra gara. Erdira murriztu nahi zuten gure indarra, eta kontrakoa jazo da. Eskua luzatzen dugu gobernuan sartu nahi dugulako eta herriaren nahia errealitate bihurtu gura dugulako", adierazi du.
Ez dirudi, ordea, horrela izango denik, Friedrich Merz hautagai kontserbadore eta CDU/CSUren buruak argi eta garbi esan diolako ezetz haiekin koalizioa egiteari: "Guk nahi dugunaren guztiz kontrakoa nahi dute, eta, beraz, ezin da haiekin gobernatu", adierazi du hauteslekuak itxi ondoren hautagai guztiekin batera egindako hauteskunde eztabaida batean.
Hauteskundeek Alemaniarrek "aldaketa politikoa" nahi dutela erakutsi dutela erantzun dio Alice Weidelek eta "harrituta" agertu da demokristauek ez dutelako eurekin itunik egin nahi. "Ezkerrarekin koalizioa zergatik egin nahi duten azaldu beharko dute", esan du eta iragarri du Merzek, azkenean, sozialdemokratekin eta berdeekin ituna egiten badu, hurrengo hauteskundeetan AfDk CDU/CSU gaindituko duela.
Scholzek kontserbadoreak zoriondu ditu
Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren (SPD) buru Olaf Scholzek kantziler karguari eutsi nahi zion gaurko hauteskundeen ondotik, baina SPD alderdia hirugarren indarra izatera pasatu da. Lehen emaitzen inguruko informazioak zabaldu eta berehala, zorion mezua bidali dio garaile atera den blokeari.
"Emaitza mingotsa da", esan du SPD alderdiak jasotako babesari buruz.
Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren presidentekideak, Lars Klingbeilek, egungo kantzilerraren alderdian "belaunaldi aldaketa" bultzatzearen alde egin du, porrotaren ostean.
Agian horrekin lotuta, Olaf Scholz kantzilerrak esan du berak ez duela parte hartuko kontserbadoreekin koalizio-negoziazioetan, baldin eta Friedrich Merzek sozialdemokratak gonbidatzen baditu. "Ez naiz SPDren ordezkari izango CDUk zuzendutako gobernu federal batean, eta ez dut negoziatuko", iragarri du Scholzek.
Gobernuan erantzukizunak izaten jarraitzeko prest daude Berdeak
Gobernuan erantzukizunak izaten jarraitzeko prest daudela esan du Berdeen Kantzilertzarako hautagai Robert Habeckek, Friedrich Merz kontserbadoreak hautu hori egiten badu.
Hori bai, Habeckek badaki irabazleekin anaituta dagoen Batasun Kristau-Sozialak (CSU) ez zuela Berdeekin lankidetzarik nahi eta argi du zaila izan daitekeela koalizio horretan sartzea.
Dena dela, behin betiko emaitzek koalizio negoziazioetatik kanpo utzi dituzte Berdeak. Sahra Wagenknecht BSW ezkerreko aliantza Bundestagetik kanpo geratu da (hamarren gutxi batzuengatik), eta alderdi hori gako zen hiruko gobernu baterako.
Liberalek porrota onartu dute
Alderdi Demokratiko Askeko (FDP) hautagai Christian Lindnerrek porrota onartu du inkestak zabaldu bezain pronto. "Demokrata liberalentzat porrota da gaurkoa, baina ez liberalismo politikoarentzat", aurreratu du. Gerora baieztatu da ganberatik kanpo geratu direla.
Ondoren, politika utziko duela iragarri du.
Parte-hartze oso handia
Hauteskundeetako parte-hartzea % 82,5ekoa izan da, Alemania batu zenetik izan den handiena.