Mundua -

HAUTESKUNDEAK ALEMANIAN

Friedrich Merzen kontserbadoreak (CDU) faborito Alemaniako hauteskunde legegileetan

Inkestek iragarritako emaitzak baieztatuko balira, Olaf Scholz kantzilerraren Alderdi Sozialdemokratak (SPD) hirugarren postua lortuko luke, botoen % 15 eskuratuta, eta ez luke inolako aukerarik izango gobernuburu izaten jarraitzeko.

CDUko Friedrich Merz eta CSUko Markus Soeder kanpainako azken ekitaldian, larunbatean. Argazkia: EFE
CDUko Friedrich Merz eta CSUko Markus Soeder kanpainako azken ekitaldian, larunbatean. Argazkia: EFE

CDUko Friedrich Merz eta CSUko Markus Soeder kanpainako azken ekitaldian, larunbatean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde orokorrak dituzte igande honetan Alemanian. Hala, epe motz zein ertainera zein izango den ultraeskuinaren papera, migrazio politika eta herrialdearen etorkizun ekonomikoa erabakitzeko eguna dute ia 60 milioi alemaniarrek. Friedrich Merzen alderdi kontserbadorea (CDU) da faborito nagusia hauteskundeak irabazteko, eta koalizio gobernua osatzea espero dute aditu guztiek.

Inkestak apenas aldatu dira azken asteotan. Horien arabera, Batasun Kristau-Demokratak (CDU) eta kide duen Bavariako Batasun Sozial-Kristauak (CSU) botoen % 30 inguru lortuko dituzte, eta Alemaniarako Alternatiba (AfD) alderdi ultraeskuindarra izango da bigarrena, botoen % 20-21 eskuratuta, 2021eko emaitzak bikoiztuz.

Aurreikuspenen arabera, Olaf Scholz kantzilerraren Alemaniako Alderdi Sozialdemokrata (SPD) hirugarren geratuko da (% 15), eta Berdeek (% 12,5-13) laugarren. Ezkerrak ezustekoa emango omen du, botoen % 7-7,5 lortuta.

Ikusteko dago Alderdi Demokratiko Askeko (FDP) liberalek eta Sahra Wagenknecht Aliantzako (BSW) ezker populistak Alemaniako Behe Ganberan sartzea lortzen duten ala ez. Horietako bat edo biak Ganberan sartuko balira, aldatu egingo litzateke 630 eserlekuen banaketa, eta aliantzak ere bai.

CDUk gehiengo parlamentarioa lortuko ez duenez, itunak beharko ditu. Behe Ganberan bost alderdi bakarrik sartuz gero, nahikoa litzateke kontserbadoreen eta sozialdemokraten arteko "koalizio handia", baina BSW ere sartzen bada, bi horiek Berdeen menpe egongo lirateke hiruko aliantza baterako. Liberalak ere sartuko balira, kontserbadoreen, sozialdemokraten eta FDPren arteko "koalizio alemaniarra" sor liteke.

Scholzek, bestalde, baztertu egin du ezkerreko indarrekin koalizioa egitea, Ukrainarekiko jarrera bateraezina dutelako, eta, hori jakinda, zenbakiek ez diote gobernuburu izaten jarraitzeko aukerarik ematen.

Alemaniako inkestek oso fidagarriak izateko ospea dute, baina FDP eta BSW alderdi "txikiek" ordezkaritza lortzeko mugan daudenez, emaitza ofizialak izan arte ez dira argituko aliantzak.

Gainera, boto-emaileen % 20-30 zalantzan omen daude oraindik, eta, hain zuzen ere, horiei begira dago Olaf Scholz kantzilerra ezusteko garaipen bat lortzeko. Horiei eskatu die botoa larunbatean, kanpainako azken ekitaldian.

El canciller Olaf Scholz en el último acto de campaña. Foto: EFE

El canciller Olaf Scholz en el último acto de campaña. Foto: EFE

Migrazio politika eta ultraeskuinera hurbiltzea

Azaroan sozialdemokraten, liberalen eta ekologisten koalizio gobernua hautsi ondoren datoz hauteskunde hauek.

Atzeraldi ekonomikoan murgilduta dago Alemania, eta migrazio politikaren inguruan eztabaida handia dago; are gehiago, azkenaldian hainbat atentatu izan ostean. Ultraeskuinak gorakada izango duela jakina da, baina zentro demokratikoko alderdi guztiek argi utzi dute ez dutela Alice Weidelen AfDrekin lan egingo. Merzek horien babesa bilatu nahi izan zuen duela gutxi migrazioaren inguruko akordio bat adosteko, eta milaka lagun atera ziren protestan kalera, bide horretatik ez jotzea eskatzeko.

Alemaniak Europar Batasuneko potentzia ekonomiko nagusia izaten jarraitzen du, baita munduko hirugarren ekonomia ere, baina Donald Trump Etxe Zurira iritsi ondoren testuinguru geopolitiko korapilatsua sortu da, eta ikusteko dago zer paper hartzen duen herrialdeak testuinguru horretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Alemania Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Alemania Hauteskundeak Olaf Scholz