Mundua -
Erasoa
Hildako bat eta hainbat zauritu Frantziako Mulhouse hirian, labanaz egindako eraso batean
France Info irrati kateak Fiskaltza aipatuta aurreratu du egilea terrorismoagatik fitxatuta zegoela. Erasotzaileak hainbat udaltzaini eraso die, arabieraz "Ala handiena da" oihukatzen zuen bitartean.
EITB Media
Pertsona bat hil da eta hainbat zauritu dira Mulhouse Frantziako hirian, Alemaniako mugatik gertu, gaur arratsaldean arma zuriz egindako eraso batean. Ustezko erasotzailea terrorismoagatik fitxatuta zegoen, hainbat komunikabidek esan dutenez.
16:00ak orduko gertatu da erasoa hirigunean, Les Dernières Nouvelles d'Alsace egunkariaren arabera. Oraindik, baina, ez dute hildakoaren izen-abizenik eman.
Kazeta horrek, bestalde, zehaztu duenez, Merkatu plazaren eta Lavoisier kalearen artean gertatu da erasoa, eta tokian bertan hartu dute atxilo ustezko erasotzailea, 1987an Frantziatik kanpo jaiotako gizonezko bat. Frantziatik kanporatzeko agindua ezarri zioten.
Esan bezala, France Info irrati-kateak Fiskaltza aipatuta aurreratu du terrorismoagatik fitxatuta zegoela.
Frantziako Justizia, bere aldetik, eraso terrorista gisa ari da ikertzen hilketa. Terrorismoaren Kontrako Fiskaltzak bere gain hartu du ikerketa, eta aurreratu du erasotzaileak hainbat udaltzaini egin diela eraso, arabieraz "Ala handiena da" oihukatzen zuen bitartean.
Tartean sartu den pertsona bat da hildakoa, eta gutxienez hiru agente daude zaurituta, horietako bat hil edo biziko egoeran.
Macronek terrorismoa desagerrarazteko konpromisoa berretsi du
Frantziako presidente Emmanuel Macronek azpimarratu du beharrezkoa dela terrorismoa lehenbailehen desagerraraztea.
Hildakoaren familiari elkartasuna adierazi ostean nabarmendu du bai Gobernua eta baita bera ere duela zortzi urtetik egiten ari diren lanarekin aurrera jarraituko dutela, "terrorismoa guztiz ezabatu arte".
Estatuburuak gogora ekarri du Terrorismoaren Kontrako Fiskaltzaren esku dagoela ikerketa, baina, erasotzaileak esandakoak kontuan hartuta, "ekintza terrorista islamiarra" dela gaurkoa.
Hilabete honetan Europan labanaz egindako hirugarren erasoa
Hilabete honetan Europan labanaz egindako hirugarren erasoa da gaurkoa; ustez terrorismo islamiarrarekin lotuta daude guztiak.
Atzo bertan, Berlin erdigunean Bilboko bizilagun bat larri zauritu zuen terrorismoagatik fitxatuta zegoen gizon batek.
Otsailaren 15ean, 23 urteko siriar batek (Austrian egoitza-baimena duena) 14 urteko nerabe bat hil zuen eta 5 pertsona zauritu zituen Villach hirigunean, Vienatik 350 kilometrora, "Ala handiena da" oihukatzen zuen bitartean.