Mundua -
GAZA
Hamasek lau gatiburen hilotzak Israelen esku utzi ditu
Trukean Israelek preso palestinarrak askatuko ditu. Hala ere, orduak edota egunak beharko dituzte gorpuzkinak identifikatzeko, eta, ondorioz, adostutako presoak ez dira larunbatera arte aske geldituko.
AGENTZIAK | EITB Media
Hamaseko milizianoek —Jihad Islamikoko eta Mujahidin Brigadako borrokalariak alboan zituztela— 2023ko urriaren 7an bahitutako lau pertsonaren gorpuak Gurutze Gorriaren esku utzi dituzte, ostegun honetan Khan Yunis hirian egin duten ekitaldian.
Orain arte, Hamasek bizirik dauden bahituak askatu ditu, ez, bahituen gorpuak.
Gazako Zerrendan bahitu zituztenetik 16 hilabete baino gehiago igaro direnean, Hamasek lau gorpu entregatu ditu: Shiri Bibas (emakumea) eta haren haur Ariel eta Kfir Bibas eta Oded Lifshitz (84 urte).
Hamasen beso armatuak ohar bidez berretsi du laurak Israelek Gazako Zerrendaren aurka egindako bonbardaketatan hil zirela.
2023ko azaroaren 29an Hamasen beso armatuak iragarri zuen Shiri, Ariel eta Kfir Bibas Israelek egindako bonbardaketa batean hil zirela. Dena den, Israelek ez zuen informazio hori baieztatu. Yarden Bibas ere bahituta zuten, baina onik atera zen eta pasa den otsailaren 1eko trukean aske utzi zuten.
Oded Lifshitzen emazte Yocheved, ostera, 2023ko azaroan aske utzi zuten. Orduko hartan, Hamasek 105 bahitu askatu zituen Israelen 240 preso palestinar libre uztearen truke.
Jendetza elkartu da Khan Yunis hirian Hamasek prestatu duen eszenatokiaren inguruan. Oholtza gainean lau hilkutxak jarri dituzte, atzean Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren karikatura deigarri bat zutela. Israelgo gobernuburua banpiro gisa irudikatu dute, odolez zikinduta. Irudi horren ondoan mezu bat idatzi dute, Netanyahu eta haren armada naziak hil dituztela gerra hegazkin sionistek jaurtitako misilekin.
Gurutze Gorriak Israelgo Armadaren esku utzi ditu lau gorpuak Gazako Zerrendako punturen batean, eta, handik, Tel Avivera eraman dituzte gorpuak identifikatu eta heriotzaren arrazoiak argitzeko.
Israelgo Armadaren arabera, orduak edota egunak beharko dituzte gaur Hamasek entregatutako gorpuzkinak identifikatzeko, eta, ondorioz, truke horretan bi aldeek adostutako presoak ez dira larunbatera arte aske geldituko. Halaber, datorren larunbatean Hamasek bizirik dauden sei gatibu askatuko ditu.
Urtarrilaren 19an Gazan su-etena abiatu zenetik, Hamasek bizirik dauden 24 bahitu askatu ditu. Trukean, Israelek gauza bera egin du dozenaka preso palestinarrekin.
Datorren ostegunean (hilak 27) amaituko dira su etenaren lehen fasean iragarritako liberazioak. Egun horretan, lau gorpu gehiago entregatuko ditu Hamasek.