Mundua -

Bigarren bilera astebetean

Europak eta Kanadak bakearen negoziazioan Ukraina kontuan hartzea eskatu dute berriro

"Frantziaren eta bere bazkideen jarrera argia eta aski ezaguna da. Bake iraunkorra eta sendoa nahi dugu Ukrainan", laburbildu du Macronek Paristik bideokonferentzia bidez egindako bilera informalaren ostean. Frantziako presidentea Washingtonera joango da datorren astean.

Macronek aste honetan antolatutako bigarren bilera informala. Argazkia: EFE
Macronek aste honetan antolatutako bigarren bilera informala. Argazkia: EFE

Macronek aste honetan antolatutako bigarren bilera informala. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europak eta Kanadak Ukraina eta Europako estatuak bake-negoziazioetan kontuan har ditzaten eskatu dute berriro gaur, Parisen egindako bilera informal batean, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen eta Donald Trump AEBko presidentearen arteko ika-mika protagonista izan den egunean.

"Frantziaren eta bere bazkideen jarrera argia eta aski ezaguna da. Bake iraunkorra eta sendoa nahi dugu Ukrainan", laburbildu du Macronek X sare sozialean.

Horretarako, hiru baldintza ezarri ditu, Kiev negoziazioetan izatea eta haren eskubideak errespetatzea; bigarrenik, esan du bakearekin batera "berme sendoak eta sinesgarriak" egon behar direla, eta azkenik, azpimarratu du "europarren segurtasun kezkak kontuan hartu behar direla".

Ildo beretik hitz egin dute beste buruzagi batzuek batzarraren ondoren, Eliseoak aste honetan antolatu duen gisa horretako bigarren bilera informala izan baita gaurkoa.

Joan den astelehenean bat izan zen Parisen, Kontinente Zaharreko potentzia nagusietako zortzirekin (Frantzia, Alemania, Erresuma Batua, Danimarka, Polonia, Espainia, Italia eta Herbehereak), NATOren buruzagiekin eta Europar Batasuneko erakundeekin batera.

Oraingo honetan, lehen bilera horren formatu murriztuak estatu batzuen artean ezinegona piztu zuenez, Macronek antolatutako batzarrean Errumaniako presidenteak eta Luxenburgoko lehen ministroak parte hartu dute aurrez aurre, eta, bideokonferentziaz, 18 herrialdetako estatuburu eta gobernuburuk.

Gonbidatuen artean, besteak beste, Bart De Wever Belgikako lehen ministroa eta Luis Montenegro Portugalgoa izan dira. Baita NATOko kide diren Europako estatuetako gobernuburuak ere, hala nola Norvegiako Jonas Gahr Støre, eta Islandiako Kristrun Frostadottir, nahiz eta EBko kide ez izan.

Europatik kanpo, bakarrik Kanadak parte hartu du batzarrean, Europaz besteko NATOko kide bakarra baita, Ameriketako Estatu Batuez gain. "Kanadaren eta aliatuen gehiengo zabalaren oinarrizko printzipioa hau da: Ukrainari buruzko ezer ez Ukraina gabe", nabarmendu du Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak, Parisko bileran parte hartu ostean emandako prentsaurrekoan.

Hitzorduaren amaierarekin batera, iragarri dute Macron datorren astean Washingtonera joango dela, Mike Waltz Etxe Zuriko Segurtasun Nazionaleko aholkulariaren ahotik. Hala ere, Eliseoak ez du bidaiaren xehetasunik eman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Paris Europa Belgika Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Norvegia Portugal Emmanuel Macron Kanada Frantziako Gobernua Errusia-Ukraina gerra Islandia