Mundua -
Vatikanoa
Frantzisko aita santuaren osasun egoera "apur bat hobeto" dago
"Odol-analisiek hobekuntza txiki bat erakusten dute, batez ere hantura-indizeetan", azaldu dute azken parte medikoan. Aita santuak Meloniren bisita jaso du arratsaldean, eta 20 minutu eman ditu Italiako agintariarekin.
Agentziak | EITB Media
Frantzisko aita santua duela sei egun ospitaleratu zuten Erromako Gemelli ospitalean, arnasbideetako infekzio baten ondorioz, baina "egonkor" dago, eta "hobekuntza txiki bat izan du, batez ere hantura-indizeetan", Vatikanoak gaur jakitera eman duenez.
"Aita santua egonkor dago. Medikuek ebaluatutako odol-analisiek hobekuntza txiki bat erakusten dute, batez ere hantura-indizeetan", azaldu dute azken parte medikoan.
88 urteko aita santua joan den ostiralean ospitaleratu zuten arnasteko arazoekin zebilelako. Hasiera batean, bronkitisa diagnostikatu zioten, baina atzo pneumonia bilateralak eragindako infekzio batek jo zuela zehaztu zuten.
Aita santuaren egoerari buruzko kezka piztu zuen astearteko informazioaren ondoren, pneumonia bilateralaren berri emanez, Vatikanoaren azken oharra zertxobait positiboagoa da.
Aita santuak Giorgia Meloni Italiako lehen ministroaren bisita jaso du arratsaldean, eta 20 minutu eman ditu berarekin pribatuan. "Oso pozik nago adi eta eroso aurkitu izanaz. Beti bezala egin dugu txantxa. Ez du umorerik galdu", ziurtatu du Italiako buruzagiak ohar batean.
Meloni ospitalera joan da aita santuari "Gobernu eta nazio osoaren izenean" sendatzeko nahia helarazteko.
Aita Santuak arratsaldera arte ez du bisitarik jaso, "erabateko atsedena" agindu baitzioten, eta dokumentuak zeramatzaten idazkariak bakarrik sartu dira orain arte logelara.