Mundua -

Gerra Ukrainan

Trumpek Ukrainari leporatu dio "gerra hastea", eta Zelenskiri "diktadore" deitu dio

Zelenskiren ustez, Trump "desinformazio burbuila batean bizi da". Gainera, Ukrainako presidenteak ziurtatu du Washingtonek haren baliabide naturalen erdiarekin geratu nahi duela. Azkenik, Putinek esan du "inork" ez duela Kiev negoziazio prozesutik kanpo utzi nahi.

Trump Zelenski agurtzen, iragan abenduko ekitaldi batean. Argazkia: EFE
Trump Zelenski agurtzen, iragan abenduko ekitaldi batean. Argazkia: EFE

Trump Zelenski agurtzen, iragan abenduko ekitaldi batean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Ez zenuten gerra hasi behar" erantzun die Donald Trump AEBko presidenteak Ukrainako kritikei, Kiev Errusiaren eta AEBren arteko bileratik kanpo geratu ostean. Hala, Trumpek "erasotzailea" izatea leporatu dio Ukrainari, eta, gainera, Zelenskiren zilegitasuna zalantzan jarri du.

Trumpek asteartean adierazi zuen Ukrainako presidenteak % 4ko babesa duela, eta, aurrekaririk gabeko kritika batean, gogorarazi zuen Ukrainak ez dituela hauteskundeak egin 2019tik.

AEBko presidenteak urrats bat harago egin du gaur egindako kritiketan, eta "diktadore" deitu dio Ukrainako presidenteari, eta ohartarazi dio "azkar" jokatu ezean, bere herrialdea desager litekeela ohartarazi dio. "Hauteskunderik gabeko diktadorea, Zelenskik hobe du azkar mugitzea, bestela herrialderik gabe geratuko baita", idatzi du Trumpek Truth Social sare sozialean.

"Ukraina maite dut, baina Zelenskik lan kaskarra egin du, bere herrialdea suntsituta dago eta milioika pertsona hil dira", salatu du Trumpek. Gainera, Washingtonek Kievera bidali dituen 350.000 milioi dolarren "erdia" galdu izana leporatu dio Ukrainako Gobernuari.

"Pentsa ezazue, Volodimir Zelenski komediante xume arrakastatsu batek AEB konbentzitu zuen 350.000 milioi dolar gastatuko zituela irabazi ezin zen gerra batean sartzeko, inoiz hasi behar izan ez zuen gerran sartzeko, eta berak, AEB eta Trump gabe, inoiz konpondu ezingo duen gerra batean sartzeko", erantsi du.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen hitzetan, AEBko buruzagia "desinformazio burbuila batean bizi da", eta horrek Errusiak zabaldutako tesi batzuen alde egitera eramango luke. "Zoritxarrez, errespetu osoz Trump presidentea desinformazio burbuila batean bizi da", azaldu du Zelenskik.

Horren harira, "informazio asko" dabilela eta "Errusiatik ateratzen" ari dela azpimarratu du Zelenskik. Horregatik, munduko agintarien irudiari buruzko galdeketak egingo dituztela iragarri du Ukrainako presidenteak, Trump bera barne. Ukrainako Gobernuaren kasuan, % 58 inguruko babesa izango duela ziurtatu du Zelenskik.

Zelenskiren ahotan, Trump Etxe Zurira itzultzeak "Putin isolamendutik ateratzea" ekarri du, eta uste du horrek Errusiako agintariei mesede egiten diela, "biktimatzat" har daitezkeela uste baitute. Hala ere, argi utzi nahi izan du Ukraina dela honen guztiaren biktima.

Baliabide naturalak

Bestalde, Zelenskik gaur jakinarazi duenez, AEBk Ukrainak dituen baliabide naturalen erdiarekin geratzea eskatu du. "Dokumentua ez zen argia, gauza bakar batean zen argia, agirian zehaztutako guztiaren % 50 eman behar genuela" nabarmendu du Ukrainako presidenteak Kieven egindako prentsaurreko batean, Washingtonek igorritako zirriborroari erreferentzia eginez.

Ukrainako presidenteak gaineratu du baliabide horien truke AEBren proposamenak ez zuela inolako erreferentziarik segurtasun bermeei buruz, eta Kievek hori espero zuen.

Gainera, Zelenski AEBk aurkeztutako proposamena argitaratzeko prest agertu da. "Ez dut uste horrek gure harremanetan lagunduko duenik", onartu du Ukrainako presidenteak, Ukrinform agentzia publikoaren arabera. Dokumentu hori duela astebete aurkeztu zion Scott Bessent AEBko Altxorraren idazkariak Zelenskiri, Kievera egindako bisitan.

Vladimir Putin Errusiako presidenta San Petersburgon. Argazkia: EFE

Vladimir Putin Errusiako presidenta San Petersburgon. Argazkia: EFE

Putinek esan du "inork" ez duela Ukraina negoziaziotik kanpo utzi nahi

Azkenik, Vladimir Putin Errusiako presidenteak esan du ez duela ulertzen Ukrainaren amorruzko erantzuna Washingtonen eta Moskuren arteko elkarrizketak hasi baino egun bat lehenago (Riaden egingo dituzte, Saudi Arabian); izan ere, "inork" ez du Kiev negoziazio prozesutik kanpo utzi nahi.

"Inork ez du Ukraina prozesu honetatik kanpo uzten ari. Beraz, ez dago arrazoirik Errusia eta AEBren arteko bileragatik haserretzeko", adierazi du hedabideen aurrean, gaur San Petersburgon drone fabrika batera egindako bisitan, Errusiako albiste agentziek jaso dutenez.

Putinek azaldu duenez, Donald Trump presidenteak telefonoz hitz egin zutenean adierazi zionez, "negoziazio prozesua Errusiaren eta Ukrainaren parte-hartzearekin egingo dela da Ameriketako Estatu Batuen oinarria".

Errusiako agintariak ziurtatu duenez, "gustura" bilduko litzateke AEBko agintariarekin, baina aurretik bilera prestatzea beharrezkoa dela azaldu du, emaitza onak atera ahal izateko. "Aspaldi ez dugu elkar ikusi", onartu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski