Mundua -
GERRA KOMERTZIALA
AEBk % 25eko muga zergak iragarri ditu autogintza, farmazia eta erdieroaleen industrian, apiriletik aurrera
Dagoeneko Donald Trump AEBko presidenteak % 10eko muga zerga ezarri dio Txinari, eta % 25ekoa, berriz, mundu osoko altzairuaren eta aluminioaren inportazioei.
AGENTZIAK | EITB Media
Donald Trump AEBko presidenteak astearte honetan iragarri duenez, inportatutako autoei, farmazia produktuei eta erdieroaleei % 25 inguruko muga-zerga ezarriko die apirilaren hasieratik aurrera. Halaber, muga-zerga horiek indarrean sartu eta urtebetera kopuru horiek igo egingo ditu.
Etxe Zuriko maizterraren esanetan, AEBk % 25 inguruko zerga ezarriko die inportatutako ibilgailuei, eta farmazia produktuen eta erdieroaleen kasuan kopuru hori % 25etik gora igo daiteke.
Muga-zerga berriak ez dira berehala sartuko indarrean, izan ere, AEBk tartea eman nahi die enpresei beren lantegiak Estatu Batuetara mugitzeko. Muga-zerga herrialde batek atzerritik erositako produktu bati ezartzen dio zerga da, hortaz, herrialdean ekoizten duten enpresek ez dute ordaindu beharrik.
Trumpek azaldu duenez, muga-zerga berriak apirilaren 2tik aurrera ezarriko ditu. Trumpen administrazioak ikerketa abiatu du AEBko produktuak zergapetzen dituzten herrialdeak banan-banan aztertu, eta horietako bakoitzak AEBko esportazioei aplikatzen dizkieten tarifak parekatzeko.
Bestalde, dagoeneko Donald Trump AEBko presidenteak % 10eko muga zerga ezarri dio Txinari, eta % 25ekoa, berriz, mundu osoko altzairuaren eta aluminioaren inportazioei.