Mundua -

Argentina

Mileiren 'kriptoporrota' ulertzeko gakoak

Argentinako presidenteak kriptomonetei babesa emateko mezu bat argitaratu zuen sare sozialetan, eta horrek sekulako arrabotsa sortu du; politika eta merkatuak astindu ere egin ditu. Ondorioz, gainera, Mileiren kontrako 100 bat salaketa judizial eragin ditu dagoeneko.

Gizon batek Mileiren aurkako pankarta bati eusten dio Etxe Arrosaren aurrean. Argazkia: EFE
Gizon batek Mileiren aurkako pankarta bati eusten dio Etxe Arrosaren aurrean. Argazkia: EFE

Gizon batek Mileiren aurkako pankarta bati eusten dio Etxe Arrosaren aurrean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Milei Argentinako presidenteak kriptomonetei babesa emateko mezu bat argitaratu zuen sare sozialetan, eta horrek sekulako arrabotsa sortu du; politika eta merkatuak astindu ere egin ditu. Ondorioz, gainera, Mileiren kontrako 100 bat salaketa judizial eragin ditu dagoeneko. Hauek dira gertatutakoaren gakoak:

Mileiren mezu polemikoa

Otsailaren 14an, Mileik mezu bat argitaratu zuen X sarean duen kontuan —3,8 milioi jarraitzaile ditu—, Viva la Libertad Project proiektuari oihartzuna emateko. Proiektuaren ardatza $LIBRA kriptodirua merkaturatzea da, eta, estatuburuaren arabera, Argentinan inbertsioak finantzatzera bideratuta dago. Kriptomonetaren balioak berehala gora egin zuen.

Baina, handik gutxira, aktibo gehiena bereganatzen zuen inbertitzaile mordoak balio handietara saldu zituen, eta segituan prezioak behera egin zuen. Milaka inbertitzailek aktibo horren aldeko apustua egin zutela salatu zuten, Argentinako presidenteak hasieran bidalitako mezuak eragin zuelakoan. Argentina kriptomonetak gehien onartzen dituen munduko estatuetako bat da.

Handik ordu gutxira, Mileik hasierako mezua ezabatu zuen, eta beste mezu bat argitaratu zuen, proiektuari babesa kentzeko. Horrekin loturarik ez zuela eta xehetasunen berri ez zuela azaldu zuen.

Proiektuaren izena ultraeskuineko ekonomialariak gehien erabiltzen duen mezu edo lelo politikoa da, eta kriptodiruak Mileiren zeinu zodiakala du izena. Gainera, 2021ean, Mileik CoinX inbertsio-plataforma ere babestu zuen sare sozialetan, eta hori ere salatu egin zuten. Beraz, ez da lehenengo aldia.

Polemika Argentinan, Javier Mileiri egindako elkarrizketa batetik kanpo geratu zen galdera batengatik
Polemika Argentinan, Javier Mileiri egindako elkarrizketa batetik kanpo geratu zen galdera batengatik

Polemika Argentinan, Javier Mileiri egindako elkarrizketa batetik kanpo geratu zen galdera batengatik

0:58

Bertsio kontrajarriak

Mezu polemikoaren biharamunean, Gobernuak ohar bat igorri zuen, eta bertan adierazi zuen proiektua KIP Protocol enpresak garatu zuela. Milei enpresa horren ordezkariekin —Mauricio Novelllirekin eta Julian Peh singapurtarrarekin— bildu zen, 2024ko urriaren 19an.

Oharraren arabera, KIP Protocolen ordezkariek Hayden Mark Davis estatubatuarra, Kelsier Ventures enpresako jabea, aurkeztu zuten proiektuaren bazkide eta teknologia hornitzaile gisa. Milei urtarrilaren 30ean bildu zen Davisekin, baina Argentinako Gobernuak ziurtatu du ez duela harekin loturarik.

Astelehenean, KIP Protocolek baieztatu zuen proiektua ez zuela enpresa horrek abiatu, ezta kriptodirua merkaturatu ere, Kelsier Venturesek baizik, nahiz eta aitortu Julian Peh urrian bildu zela Mileirekin, baina ez $LIBRAri buruz hitz egiteko, eta argitu zuen Novelli zela bilera egin zen negozio foroaren antolatzailea.

Bere aldetik, Davisek sare sozialetan Mileiren "aholkulari" gisa definitu zuen bere burua, agintariarekin harremanetan zegoela esan zuen, eta adierazi zuen agian presidentea "presio politikoagatik izutu" zela, eta erantsi zuen prest zegoela $LIBRAn 100 milioi dolar inguru injektatzeko, aktiboari likidezia itzultzeko.

Kriptotxanponen eskandalutik aldetzen ahalegindu da Milei: ''Nik ez nuen sustatu, zabaldu baino ez nuen egin''
Kriptotxanponen eskandalutik aldetzen ahalegindu da Milei: ''Nik ez nuen sustatu, zabaldu baino ez nuen egin''

Kriptotxanponen eskandalutik aldetzen ahalegindu da Milei: ''Nik ez nuen sustatu, zabaldu baino ez nuen egin''

1:10

Eragin politikoa eta judiziala

Union por la Patria alderdiaren ezkerreko eta fronte peronistako sektoreek Kongresuan estatuburuari epaiketa politikoa egiteko asmoa dute. Oposizioko blokeek, berriz, baina ofizialismoarekin hitz eginda, Parlamentuan ikerketa-batzorde bat sortzeko ideia babesten dute.

Esparru judizialean, dagoeneko ehun kaltetuk baino gehiagok aurkeztu dituzte salaketak Argentinako Justiziaren aurrean. Gainera, abokatu talde batek salaketa jarri du AEBn, Milei, Davis, Peh eta Novelliren aurka.

Merkatuen erantzun negatiboa

Eskandaluak eragin oso negatiboa izan du merkatuetan; izan ere, astelehenean Argentinako enpresen akzioek eta Hego Amerikako estatuko bonu subiranoek behea jo zuten. Era berean, Argentinako pesoak AEBko dolarrarekiko nolabaiteko balio-galera izan zuen.

Cristina Fernandez Argentinako presidente ohiak (2007-2015) gaur galdetu dio Mileiri kriptodirua jaurtitzen parte hartu duen ala ez. "Txiki-txiki egiten ari zara", idatzi du Fernandezek Mileiri eskainitako lerro batzuetan, X sare sozialean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Argentina Ultraeskuina