Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Errusiako eta AEBko ordezkariak Riaden elkartuko dira bihar
Iragarri bezala, Ukrainako Gobernuak ez du parte hartuko Riadeko bileran, eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak jada aurreratu du ez dituela batzar horretako ondorioak ontzat emango.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errusiak eta AEBk bilera egingo dute bihar Riaden (Saudi Arabian), besteak beste, Ukrainako gerraren amaieraz hitz egiteko. Hala iragarri du Dmitri Peskov Kremlinen eledunak, hedabideen aurrean egunero egin ohi duen telefono bidezko agerraldian. Zehaztu duenez, Errusiaren eta Estatu Batuen arteko harremanei buruz eta aurrerago bi herrialdeok egin asmo duten goi-bileraz hitz egiteko ere izango da biharko hitzordua.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak hala aginduta, Kremlinen izenean Serguei Lavrov Atzerri ministroa eta Yuri Ushakov Kremlinen aholkularia izango dira bileran. "Ukrainako gatazka konpontzeko negoziazioak prestatzeko bilera izango da, eta baita, Putin eta Trumpen arteko hurrengo goi-bilera prestatzeko ere", azaldu du Peskovek.
Halaber, Errusiako Gobernuko bozeramailearen arabera, "orain munduan denak ari dira Ukrainako gerra amaitzeko zer egin" pentsatzen eta hori "positiboa" da.
Etxe Zuritik, berriz, Marco Rubio AEBko Estatu idazkariak hartuko du parte bileran. Ekialde Hurbilean dago egunotan, bidaia ofizialean, eta gaur Riadera joatekoa da. CBS News kateari egindako adierazpenetan, Rubiok esan du "bide luzea" dagoela Errusiarekin bake negoziazioak abiatu aurretik. Bere hitzetan, datozen asteetan ikusiko da Putinek bakerako duen asmoa zenbaterainokoa den. "Telefono dei batek ezin du konpondu Ukrainakoa bezalako gerra konplexu bat (...). Nolanahi ere, Trump da prozesu hau abiatu dezakeen munduko buruzagi bakarra", erantsi du.
Joan den astean, Donald Trump AEBko presidenteak Putini deitu zion, telefonoz, Ukrainako gerrari buruz negoziazioak hasteko asmoa azalduz. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari ere deitu zion, baina ikusteko dago herrialde horrek zenbaterainoko parte-hartzea izango duen AEBk abian jarri nahi duen elkarrizketa prozesuan.
Europak, tokirik ez
Asteburuan Munichen egindako Konferentzian argi utzi zuen AEBk balizko bake negoziazioetan Europak ez duela tokirik. Moskuk aspalditik erakutsi du jarrera hori, Berlinek, Parisek eta Kievek 'Minskeko Akordioak' urratu zituztela argudiatuta.
Eta gaurko agerraldian ere, beste behin, Segei Lavrovek berretsi du Kremlinek ez duela nahi EBk parte hartzerik Ukrainari buruzko elkarrizketetan. "Ez dakit zer egingo lukeen Europak negoziazio mahaian. Gerrarekin jarraitzea bada euren asmoa, zertarako gonbidatu?", galdetu du.
Gogora ekarri du Ukrainako gerra hasi zenetik Europak parte hartu duela bakea ezartzeko beste foro batzuetan, baina ez duela ekarpenik egin.
Zelenskik ez ditu ondorioak onartuko
Iragarri bezala, Ukrainako Gobernua ere ez dute gonbidatu Riadeko bileran parte hartzera, eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak aurreratu du ez dituela batzar horretako ondorioak ontzat emango. "Ukrainak ez du onartuko. Ukrainak uste du Ukrainari buruzko edozein negoziaziok ez duela baliorik Ukrainaren iritzia aintzat hartu gabe", esan du Zelenskik, Abu Dhabitik (Arabiar Emirerriak) egin duen prentsaurrekoan.
Argitu nahi izan du, baita ere, Abu Dhabira egiten ari den bisita ofizialak ez duela zerikusirik Etxe Zuriaren eta Kremlinen arteko bilerarekin. Hori bai, azaldu du hango lehen ministro den Mohamed bin Salmani bilerari buruz galdetuko diola.