Mundua -
ARGENTINA
Argentinako oposizioak Mileiren aurkako epaiketa politikoa eskatuko duela iragarri du
Bestalde, Argentinako Ustelkeriaren aurkako Bulegoak presidentea eta Gobernuko kideak ikertuko ditu, Mileik berak hala eskatuta, bere sare sozialetan iruzur birtualarekin lotutako kriptotxanpon bat sustatu ondoren.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Argentinako oposizioko talde parlamentario nagusiak, Union por la Patriak (UxP), iragarri du Javier Milei presidentearen aurkako epaiketa politikoa hasteko eskaera aurkeztuko duela, $LIBRA kriptotxanpona sustatzeagatik, "balizko iruzurra" egin duelakoan.
"Mileik kripoiruzur delitu batean parte hartzea oso larria da. Aurrekaririk gabeko eskandalua da", adierazi du UxP taldeko liderrak, Cristina Kirchnerrek X sare sozialean duen kontuan zabaldutako mezu luze batean: "Hayekengandik Ponzirengana pasatu zinen eta okerragora joan zinen. Zure X kontu ofizialetik auskalo nork sortutako kriptotxanpon pribatu bat sustatu zenuen. Bere balioa puztu zenuen, zure inbestidura presidentzialaz baliatuz. Milaka pertsona zutaz fidatu ziren, garesti erosi zuten, eta, ordu gutxiren buruan, milioiak galdu zituzten, gutxi batzuek (lepoa jokatzen dut, denak libertarioak) informazio pribilegiatuarekin dirutza egin zuten bitartean. Begira nora ekarri gaituzun zure erokeriarekin! Argentina kasino bihurtu duzu, eta crupierra presidentea bera da", idatzi du Kirchnerrek.
Bestalde, Ezkerreko Fronteak (FIT) iragarri du eskaria egingo duela Mileik Diputatuen Ganberan "berehala" agerraldia egin dezan, "ahozko azalpenak" emateko.
Maximiliano Ferraro Gizabidezko Koalizioko presidentearen ustez, litekeena da Mileik Etika Publikoaren eta Finantza Erakundeen legeetan tipifikatutako delituak egin izana. "Gertatutakoa dirua garbitzea eta/edo iruzur egitea izan daiteke, eta UIFek ezin du hori alde batera utzi", argitaratu du X sare sozialean zabaldutako mezu batean.
Argentinako Ustelkeriaren aurkako Bulegoak Milei eta bere kabinetea ikertuko ditu
Bestalde, Argentinako Ustelkeriaren aurkako Bulegoak Javier Milei presidentea eta haren kabineteko kideak ikertuko ditu, berak hala eskatuta.
"Javier Milei presidenteak Ustelkeriaren aurkako Bulegoari berehala esku hartzea eskatu dio, Gobernu Nazionaleko kideren batek, presidenteak barne, jokabide desegokirik izan zuen argitu dezan", adierazi du Presidentearen Bulegoak ohar batean.
Ustelkeriaren aurkako Bulegoa erakunde autonomoa da, baina Justizia Ministerioaren mende dago; Gobernuaren mende, beraz.
Mileik Ikerketa Zereginen Unitatea (UTI) sortzea erabaki du, '$LIBRA' (berak publizitatea egin zion dibisa digitala) eta operazioan inplikatutako enpresa edo pertsona guztiak ikertzeko.
Lehendakariaren ardurapean egongo da UTI hori, eta kriptoaktiboekin, finantza jarduerekin, aktiboen garbiketarekin eta beste arlo batzuekin lotutako ordezkariek osatuko dute. "Ikerketan bildutako informazio guztia Justiziari emango zaio, KIPen proiektuarekin lotutako enpresa edo pertsonetakoren batek deliturik egin zuen erabaki dezan", azaldu dute.