Mundua -
Argentina
Mileik kriptotxanpon bat sustatu du eta atzera egin du berehala, iruzurra izan daitekeelakoan
Argentinako oposizioak Kongresuari eskatuko dio iker dezala presidentea iruzur birtualekin lotura duen kriptotxanpon bat sare sozialetan sustatzeagatik.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Argentinako presidente Javier Mileik kriptotxanpon bat sustatu du gaur X sare sozialean "ekonomiaren hazkundea bizitzen" lagunduko duela esanez. Argitalpena egin eta gutxira, baina, mezua ezabatu du Blockchain teknologiarekin funtzionatzen duelako, alegia, transakzioak bitartekaririk gabe egiteko aukera ematen duelako.
"Duela ordu batzuk txio bat argitaratu dut, beste askotan egin izan dudan bezala ekimen pribatu bat sustatuz. Jakina, ez dut horrekin inongo loturarik", adierazi du. "Ez ditut proiektu horren xehetasunak ezagutzen, horregatik erabaki dut txioa ezabatzea", erantsi du.
"Mina egiteko asmoarekin egoeraz aprobetxatzen diren talde politikoei" egotzi die gertatutakoa. "Politikariek egunero erakusten dute zer zitalak diren, eta ipurdian ostikoa emanda kanporatzeko dugun nahia hauspotzen dute", gaineratu du.
Kriptotxanponaren argitalpenaren harira, hainbat ekonomialarik esan dute iruzur itxura zeukala, La Nación egunkari argentinarrak zabaldutakoaren arabera.
Oposizioak Milei ikertzeko eskatuko du
Argentinako oposizioak Kongresuari eskatuko dio iker dezala Javier Milei presidente argentinarra. "Litekeena da presidenteak Etika Publikoaren eta Finantza Erakundeen legeak urratu izana", nabarmendu dute.