Mundua -
Palestina-Israel
Arrakastaz osatu da preso palestinarren eta bahitu israeldarren arteko beste truke bat
Hamasek hiru bahitu askatu ditu larunbat goizean, eta Israelek 369 preso aske utzi ditu hurrengo orduetan.
EITB
Arrakastaz osatu da Hamasen eta Israelen arteko seigarren preso eta bahituen trukea, urtarrilaren 19ko akordioan jasotakoa.
Larunbat goizean, Hamasek, Israelekin adostutako su-etenerako akordioan jasotakoa betez, urriaren 7an gatibu hartutakoetatik hiru askatu ditu: Aleksandr (Sasha) Trufanov errusiar-israeldarra, Sagui Dekel-Chen israeldar-estatubatuarra eta Iair Horn argentinar jatorriko israeldarra.
Hamasek ostegunean berretsi zuen bahituak askatuko zituela, prozesua hiru egunez geldirik egon ostean; izan ere, erakunde palestinarrak salatu zuen Israel "oztopoak" jartzen ari zela, batetik, Gazara laguntza sartzeko logistikan, eta, bestetik, Israelek eraso egiten jarraitzen zuelako teorian seguruak ziren eremuetan. Azkenean, nazioarteko bitartekarien arabera, oztopo horiek gaindituta, aurrera jarraitu du prozesuak.
Adostutakoari erantzunez, Israelgo espetxeetako agintariek 369 preso palestinar askatu dituzte; horietatik 333 Palestinako miliziek 2023ko urriaren 7an egindako erasoaren ondoren atxilotu zituen Israelek.
Askatutako bederatzi preso palestinar Zisjordaniako Ramallah hirira eraman dituzte eta beste hiru Ekialdeko Jerusalemera.
Palestinako Ilargi Gorriak ohartarazi duenez, Zisjordanian aske geratu diren presoetako lau osasun zentro batera eraman dituzte berehala, "osasun egoera larria" dutelako, Al Jazeera kateak jakitera eman duenez.
Gainerako presoak zazpi autobusetan sartu dira Rafah hirira, Zerrendaren hegoaldean, Gurutze Gorriko ibilgailuek lagunduta, eta, ondoren, Gazako Europako Ospitalera eraman dituzte, proba medikoak eta nortasuna berresteko beste azterketa batzuk egitera.
Autobusak ospital ingurura iritsi direnean, ehunka herritar eta kazetari bildu dira haien inguruan, eta banan-banan jaitsi dituzte presoak, garaile keinuak egin eta harrera egitera etorritako jendea agurtzen zuten bitartean.
Kartzelatik ateratzerako, Israelgo espetxe zerbitzuek jertse gris batzuk jarri dizkiete preso guztiei, "Ez dugu ahaztuko, ezta barkatuko ere" esaldia arabieraz idatzita eta Daviden izar bat marraztuta zutenak. Iritsi direnean, beste beroki eta jaka batzuekin agertu dira. Bakar bati bai ikusi zaio jertse hori, baina harrera egin dioten palestinarrek berehala estali dute.
Truke berri honekin, urtarrilaren 19an su-etena indarrean sartu zenetik, 19 bahitu israeldar eta bost thailandiar askatu dituzte Israelgo kartzeletan 935 preso aske uztearen truke.
Adostutako planaren lehen fasean, sei asteko su-etenean, Hamasek urriaren 7ko erasoan bahitu zituen 33 bahituak eta Israelgo kartzeletan zeuden 1900 preso askatzea aurreikusten da. Bihar, igandea, lau asteko su-etena beteko da.