Mundua -
Israel-Hamas
Hamasek esan du hiru bahituak "modu egokian eta garbian" entregatuko dituztela larunbatean
Hamasek Aleksandr (Sasha) Trufanov errusiar-israeldarra, Sagui Dekel-Chen (israeldar-estatubatuarra) eta Iair Horn argentinar jatorriko israeldarra askatuko ditu. Trukean, azken hilabeteetan atxilotutako 333 gazatar askatzea espero du Hamasek, eta biziarteko kartzela-zigorra ezarri dieten beste 36.
Agentziak | EITB Media
Hamasen eta Israelen arteko akordioan aurreikusitakoa betetzen bada, larunbat goizean bahitu israeldarren eta preso palestinarren seigarren trukea gauzatuko da.
Hamasek ostiral honetan iragarri duenez, larunbatean Aleksandr (Sasha) Trufanov errusiar-israeldarra, Sagui Dekel-Chen israeldar-estatubatuarra eta Iair Horn argentinar jatorriko israeldarra askatuko ditu.
Hazem Qasem Hamas talde islamistaren bozeramaileetako batek ostiral honetan adierazi duenez, hiru bahitu israeldarrak "modu egokian eta garbian" askatuko dituzte, eta berretsi du talde palestinarrak konpromisoa duela Gazako Zerrendan urtarrilaren 19an indarrean sartu zen su-etena betetzeko eta akordioaren etapa guztiak inplementatzeko.
Israelgo agintariek oraindik ez dute askapenei buruzko adierazpenik egin, baina Hamasek espero du 333 gazatar askatzea, erasoaldi handian zehar atxilotutakoak, eta baita biziarteko kartzela-zigorra ezarri zieten beste 36 palestinar ere.
Qasemen azalpenen arabera, Qatarko eta Egiptoko bitartekariak AEBko Administrazioarekin harremanetan daude itunaren alderdi humanitarioak ezartzeko.
Hamasek aste hasieran esan zuen bahituen askapena eten zezakeela, Israeli su-etenaren baldintzak ez betetzea leporatu ondoren, baina ostegunean baieztatu zuen aurrera egingo zuela trukearekin.
Bestalde, Hamasek larunbatean bahituak askatzen ez baditu, Gazako gerrari berriro ekiteko mehatxua egin du Israelek, Donald Trump AEBko presidentearen mezu anbiguo bat aprobetxatuz, Hamasek larunbat eguerdia baino lehen "bahitu guztiak" askatu ezean Gazan "infernua" izango zela esanez.