Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Europako buruzagiek ezinbestekotzat jo dute Ukrainak zein Europak bake elkarrizketetan parte hartzea
Aliantzako Defentsa arduradunek bilera dute gaur Bruselan, eta han Europako ordezkariek esan dutenez, nahitaez egon behar dute Europak eta Ukrainak bake negoziazioetan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Donald Trump eta Vladimir Putin AEBko eta Errusiako presidenteek, hurrenez hurren, Ukrainako gerra amaitzeko negoziazioak abiatzea adostu eta biharamunean, Europako buruzagiek ia aho batez adierazi dute ez datozela bat hartutako norabidearekin. Europak zein Ukrainak ezinbestean hartu behar dute parte bake elkarrizketak bide onetik joan daitezen. Hala esan dute Europako Defentsa arduradunek, NATO Bruselan gaur egiten ari den bilerara sartu aurretik.
Mark Rutte NATOren idazkari nagusiak, esaterako, argi hitz egin du. Bere hitzetan, Ukrainak negoziazioen eta hortik aterako den balizko akordioaren parte izan behar du. "Ezin dugu ametitu Putinek etorkizunean Ukrainaren kilometro karratu zati bat gehiago bereganatzea", esan du. Bake "egonkorra eta iraunkorra" exijitu du.
Bide beretik, Margarita Robles Espainiako Gobernuko Defentsa ministroak "bake iraunkorra" eskatu du Ukrainarako, eta hark ere gatazkari amaiera emateko prozesuan EBk eta NATOk partehartze aktiboa izan behar dutela iritzi dio. "Ukraina babesten jarraituko dugu guk. Bakea behar eta merezi du Ukrainak, baina bake bidezkoa eta iraunkorra. Ezinezkoa da bidearen amaierara Ukrainarekin aurrez hitz egin gabe heltzea".
Era berean, Ruben Brekelmans Herbehereetako ministroak uste du "Zelenskik negoziazio mahaian" egon behar duela, eta baita Europak ere. "Uste dut denok bat gatozela esatean Ukrainari buruzko elkarrizketarik ezin dela egin Ukrainarik gabe. Gauza bera Europari buruz ere. Negoziatuko denak eragin zuzena izango du Europaren segurtasunean", zehaztu du.
Pal Jonson Suediako Defentsa arduradunaren ustez ere ezin da Ukrainako gatazka konpondu Ukraina eta Europa gabe. Gogoratu du Kievera iritsitako "laguntza militarraren % 60" Europak igorri zuela.
Iritzi berekoak dira Hanno Pevkur estoniarra zein Dovile Sakaliene lituaniarra ere. Azken horren arabera, AEB eta Europa "aliatu dira eta izan behar dute". Ohartarazi du Errusiak eta Txinak koordinatu egingo dituztela euren ekintzak hemendik aurrera.
Zatiketa
Trumpen iragarpenak lurrikara politikoa eragin du NATOren goi bileran, eta agerian utzi du, beste behin, Ukrainako aferan aliatuen artean dagoen zatiketa.
Europako buruzagiek esandakoaren aurka, Pete Hegseth AEBko Defentsa idazkariak ukatu egin du Ameriketako Estatu Batuak Ukrainari traizio egiten ari zaiola. Argi utzi du Ukraina 2014ko mugetara itzultzea eta NATON sartzea ez dela "errealista".
Hegsethek defendatu du ez dagoela Ukrainako misioarekin AEB baino gehiago "konprometitu" den inor. Hala ere, nabarmendu du negoziazioaren bidez bakea lortzeko bi aldeek gauza batzuetan "amore" ematea ezinbestekoa dela.