Mundua -

ALEMANIA

28 pertsona zauritu dira, horietako batzuk larri, Munichen nahita egindako harrapaketa masibo batean

Ibilgailu batek manifestazio sindikal batean parte hartzen ari zen pertsona talde bat harrapatu du. Autoaren gidaria, 24 urteko Afganistango gizonezkoa, atxilotu dute. Alemaniako agintarien ustez, "liteekena da atentatu bat izatea".

Harrapaketaren autoa. Argazkia: EITB Media
Harrapaketaren autoa.

Gutxienez 28 zauritu Munichen, manifestazio sindikal baten aurka izandako harrapaketa masibo batean

0:31

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

28 pertsona zauritu dira, horietako batzuk larri, gaur Munichen (Alemania) manifestazio sindikal baten kontra egindako harrapaketa masibo batean, bertako poliziak jakinarazi duenez. Markus Soder Bavariako lehen ministroaren arabera, "liteekena da atentatu bat izatea". 

Poliziaren eledun batek azaldu duenez, autoa manifestazioaren atzealdetik hurbildu da, polizia segizioa aurreratu, eta jendetzaren aurka egin du abiada bizian, eta hainbat pertsona harrapatu ditu.

Municheko Poliziak harrapaketaren ustezko egilea atxilotu du, eta adierazi du jada ez dela arriskurik. Susmagarria Afganistango nazionalitatea duen 24 urteko gizasemea da. Poliziaren esanetan, ibilgailuaren kontra tiro egin behar izan dute.

Susmagarria asilo eskatzailea zen, eta aurrekariak zituen bestelako delituengatik (droga trafikoa eta lapurreta).

Dieter Reiter Municheko alkatearen arabera, zauritutakoen artean haurrak daude. "Erabat hunkituta nago", aitortu du.

"Atentatua izan liteke"

Gerora, Markus Soder Bavariako lehen ministroak esan duenez, "uste dugu erasoa izan dela. Horrek agerian uzten du zerbait aldatu behar dugula Alemanian, azkar aldatu ere, gainera".

Herritarrei ingurura ez hurbiltzeko eskatu die Poliziak herritarrei, X sare sozialean zabaldutako hainbat mezuren bitartez.

Harrapaketa Dachauerstrasse eta Seidelstrasse kaleen artean gertatu da, hiriko tren geltoki nagusitik gertu.

Larrialdi zerbitzuak zauritutako bat eramaten. EITB Media

Larrialdi zerbitzuak zauritutako bat eramaten. EITB Media

Bayerische Rundfunk egunkari bavariarraren arabera, Verdi sindikatuak gaurko deitutako manifestazioan parte hartzen ari zirenen kontra egin du autoak. Iturrion arabera, 2.500 pertsona zeuden izena emanda manifestazioan parte hartzeko.

Scholzek egilea herrialdetik kanporatzearen alde egin du

Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak "atentatu lazgarri" horretako 28 zaurituei babesa helarazi die, eta akusatuaren aurka neurri sendoak jartzeko asmoa duela iragarri du. Akusatua jatorri afganiarrekoa da eta asilo eskatzailea. Hura herrialdetik kanporatzearen eta Justiziak harekiko inolako bihozberatasunik gabe jardutea galdegin du agintariak.

"Egileak ez dezala errukirik espero. Zigortu egin behar da, eta herrialdea utzi behar du", adierazi du kantziler alemaniarrak.

Hauteskunde kanpaina betean denean, delituak eragiten dituzten asilo eskatzaileen kontrako jarrera gogorra erakutsi du adierazpen horiekin Scholzek, eskuin politikoaren moldekoetatik gertu.

Gauzak horrela, Scholzek baieztatu du Alemanian delituak egiten dituen edonor zigortu eta espetxera bidaltzeaz gain, herrialdetik kanporatuko dutela. Zehaztu duenez, aberriratzea zaila den herrialdeetatik datozen herritarrei ere aplikatuko zaie neurri hori.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania Eguneko albisteak Albisteak Harrapatzeak