Mundua -

Ekialde Hurbila

Egiptok eta Qatarrek harremanak areagotu dituzte Gazako "su-eten akordioa salbatzen saiatzeko"

Bitartean, Israelgo Defentsa ministroak ziurtatu duenez, Hamasek larunbatean gatibuak askatzen ez baditu, Zerrendaren aurka erasoak egiteari berrekingo diote, AEBko presidenteak Gazarako dituen deserriratze planak gauzatzeko.

Palestinako bandera bat Israelgo Armadak suntsitutako Al-Zaytun (Gaza) herrian. Argazkia: EFE
Palestinako bandera bat Israelgo Armadak suntsitutako Al-Zaytun (Gaza) herrian. Argazkia: EFE

Palestinako bandera bat Israelgo Armadak suntsitutako Al-Zaytun (Gaza) herrian. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egiptok eta Qatarrek, Israelen eta Hamas Palestinako erresistentzia mugimenduaren arteko bitartekari nagusiek, harremanak areagotu dituzte gaur Gazako Zerrendan "su-eten akordioa salbatzen saiatzeko", negoziazioen gertuko iturriek EFE albiste agentziari jakinarazi diotenez.

Informatzaileek anonimotasuna mantentzea eskatu dute, gaiaren sentsibilitatea dela eta, eta adierazi dute Egiptoko eta Qatarreko negoziazio taldeek ahaleginak areagotu dituztela, "AEBk eta Israelek gero eta presio handiagoa egiten ari direlako bahituak larunbatean entregatu ezean operazio militarrak berriz martxan jartzeko".

Gaineratu dutenez, Kairok eta Dohak akordioaren ezarpena bermatuko duen eta menia mantenduko duen "irtenbide bat" bilatu nahi dute, sarraskiak jarraitu ez dezan.

Iturrien arabera, "su-etena jarraitzea guztioi interesatzen zaigu", eta ohartarazi dute su-eten akordioaren porrotak "ondorio larriak izango dituen indarkeria bolada berri bat" ekarriko duela.

Hamas erresistentzia mugimendu palestinarraren ordezkaritza bat Kairora iritsi da gaur, bitartekariekin su-etenaz hitz egiteko. Khalil al-Hayya buru duen ordezkaritzak Egiptoko funtzionarioekin eztabaidatuko du "su-eten akordioa ezartzea eta presoak askatzea batzorde teknikoen eta bitartekarien bitartez", azaldu du mugimenduak ohar labur batean.

Al-Zaytun (Gaza), Israelgo Armadak guztiz txikitutako herria. Argazkia: EFE

Al-Zaytun (Gaza), Israelgo Armadak guztiz txikitutako herria. Argazkia: EFE

Trumpen deserriratze masiborako egitasmoa

Bien bitartean, Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak gaur adierazi duenez, Hamasek larunbatean gatibuak askatzen ez baditu, Zerrendaren aurkako erasoei ekingo diete berriro, Donald Trump AEBko presidenteak Gazarako dituen deserriratze planak gauzatzeko.

"Gazako gerra ez da su-etenaren aurrekoa bezalakoa izango, eta ez da amaituko Hamas boteretik kenduta eta bahituak askatuta, aitzitik, AEBko Trump presidenteak Gazari buruz duen ikuspegia aurrera eramatea ahalbidetuko du", mehatxatu du Katzek ohar batean.

"Hamasek ez baditu bahituak askatzen Sabbata baino lehen (larunbatean) infernuko ateak irekiko zaizkie, AEBko presidenteak agindu bezala", gaineratu du Katzek. Horrela ministroak Trumpen hitz horiexek erabili ditu, astelehenean handi-mandiak Gazara "infernua" eramateko mehatxua egin baitzuen. "Hamasek bahituak askatzeari uzten badio, ez dago akordiorik eta gerra izango da", erantsi du Katzek.

Garbiketa etnikoa

Hamasek adierazi du Trumpen egitasmoak "garbiketa etnikoa" ekarriko duela. "Trumpen adierazpenak arrazistak dira eta garbiketa etnikorako deia egiten dute. Ez du arrakastarik izango, eta deserriratze plan oro errefusatzen duen jarrera palestinar, arabiar eta islamiar bateratu bati aurre egin beharko dio", adierazi du mugimendu palestinarrak ohar baten bidez.

Palestinako Jihad Islamikoak ere hitz egin du Trumpen eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren mehatxuen aurrean, gatibuen patua Netanyahuren beraren ekintzekin "zuzenean lotuta" dagoela ziurtatu baitu. "Erresistentziaren esku dauden gatibuen patua zuzenean lotuta dago Netanyahuren ekintzekin, negatiboak zein positiboak izan", esan du Abu Hamza miliziaren bozeramaileak ohar batean.

"Okupazioaren (Israelen) erantzule egiten dugu Gobernua, gure herri atsekabetuarekin dituen konpromisoak eta akordioaren etengabeko urraketak saihestearen ondorioengatik", berretsi du.

Bestalde, Abdel fatah Al-Sisi Egiptoko presidenteak eta Abdala II.a Jordaniako erregeak "berehala" Gaza berreraikitzen hastea eskatu dute gaur, "herri palestinarra kanporatu gabe", Trumpen egitasmoari aurre egiteko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Israel Palestina Egipto Qatar Ekialde Hurbila Hamas Benjamin Netanyahu