Mundua -
ADIMEN ARTIFIZIALA
Adimen artifizialari buruzko goi-bilerak mundu osoko agintariak eta adituak bilduko ditu Parisen
Munduko gobernantza "hobetzea" da goi-bileraren heburuetako bat, antolatzaileen arabera. Atzo, Macronek iragarri zuen 109 mila milioiko inbertsioak egingo dituela adimen artifizialaren garapenean. Bere hitzetan, Europak ezin du atzean geratu eta "inbertitzea" da aukera bakarra.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gaur hasi eta bi egunez adimen artifizialaren nazioarteko goi-bilera egingo da Parisen. Frantziak eta Indiak antolatuta, mundu osoko ehunka gobernuburu, aditu eta sektoreko enpresaburu bilduko dira, adimen artifizialaren gaineko araudiak adoste aldera. Munduko gobernantza "hobetzea" da goi-bileraren helburuetako bat, eta adimen artifiziala gizartearentzat baliagarria izateko oinarriak adostea. Diplomaziarako eta inbertsioetarako ere baliatuko dute gailurra.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Narendra Modi Indiako lehen ministroak izango dute ekitaldiari hasiera emateko ardura. Eliseoko iturrien arabera, besteak beste, adimen artifizialaren erabileraren estandarrak bermatzeko nazioarteko mekanismoak indartzea bilatu nahi da.
Horretarako, mundu mailako funts komun bat sortu nahi dute, teknologia mota hau "elkarlanean" garatzeko eta herrialde guztiek adimen artifiziala "independentzia estrategikoarekin" erabiltzeko aukera izan dezaten. "Inteligentzia artifizialari buruzko mezu politikoa igorri nahi dugu: gizarteari ekarpena egiteko eta gizartearen zerbitzurako tresna dela esan nahi diogu munduari, eta ez alderantziz", esan zuen Frantziako Gobernuak, goi-bileraren aurkezpenean.
109 mila milioiko inbertsioa
Estatu Batuen eta Txinaren arteko lehia teknologiko betean, Frantziak aurrea hartu nahi du Europan, eta adimen artifizialean azkarrago eta indartsuago aurrera egitea eskatu zuen bart Macron presidenteak, telebista publikoan egindako elkarrizketan.
Zentzu horretan, iragarri zuen Frantziak datozen urteotan 109 mila milioiko inbertsioak egingo dituela. Erantsi zuen Europa "atzean" geratzen ari dela eta "inbertitzea" dela aukera bakarra.
Inbertsioen xehetasunak goi-bileran emango dituzten arren, azken egunotan hainbat informazio zabaldu dira. Horien artean, jakin da Frantziako Mistral AI konpainiak datuen kudeaketarako zentro erraldoi bat jarriko duela martxan Frantzian, milaka milioi inbertituta.
Bestalde, Kanadako Brookfieldek ere 20 mila milioi euroko inbertsioa iragarri du, Cambrai eskualdean.