Mundua -
BRELL
Baltikoko herrialdeak Errusiako sare elektrikotik deskonektatu dira
Kaliningradeko sare elektrikoaren sistema utzi dute Estoniak, Letoniak eta Lituaniak, eta igandean Europar Batasunekoarekin lotzeko lanean ari dira.
agentziak | eitb media
Errusiak Baltikoan duen Kaliningradeko sistema elektrikoa automatizatu egin da Estoniak, Letoniak eta Lituaniak Errusiarekin eta Bielorrusiarekin osatzen zuten BRELL (Bielorrusia, Errusia, Estonia, Letonia eta Lituania) sare elektrikoa utzi ostean. Europar Batasuneko sistema elektrikoarekin bat egiteko prozesuaren barruan kokatzen da gaur eman duten pausoa.
"Kaliningradeko sistema energetikoa autonomo egin da. Lituania eta Kaliningrad arteko argindar-fluxua zero megawattekoa da. Dena ongi", jakinarazi du Aleksei Besprozvannij Kaliningradeko gobernadoreak Telegram bidez.
Gobernadoreak eskerrak eman dizkie eskualdeko argindar-sistemako espezialistei eta pauso hau ematea ahalbidetu duten guztiei, hamar urteko lanaren ostean Baltikoko herrialdeek BRELL uzteko eta Europar Batasuneko sarearekin bat egiteko prozesua gauzatzeagatik.
Besprozcannijren arabera, orain Kaliningradek bertako hiru zentral termoelektrikoetatik jasotzen du argindarra, eta "energia etenik gabe hornitzeko erreserbak dituzte".
Iragarrita zegoen otsailaren 8an etengo zela BRELL argindar-sarea, eta horretarako, Kaliningraden lau elektrizitate-planta eraiki dituzte azken urteetan.
Era berean, Baltikoko herrialdeek (Estonia, Letonia eta Lituania) ere iragarri dute deskonexioa, eta igandean lotuko dira Europar Batasuneko sarearekin.