Mundua -
Bosgarren trukea Gazan
Beste hiru gatibu israeldar askatuko dituzte larunbat honetan preso palestinarren truke, su-etenaren baitan
Or Levi, Eli Sharabi eta Ohad Ben Ami dira, 34, 52 eta 56 urteko gizonak, hurrenez hurren. Bestalde, Hamasek dei egin die su-etenaren bitartekariei Israeli presioa egin diezaioten arlo humanitarioan hartutako konpromisoak bete ditzan.
Agentziak | EITB Media
Al-Qassam Brigadek, Hamas Palestinako erresistentzia mugimenduko beso armatuak, larunbat honetan preso palestinarren truke askatuko dituen hiru gatibu israeldarrak nortzuk diren zabaldu du, Hamasen eta Israelen arteko su-eten akordioaren ondorioz egingo duten bosgarren trukearen baitan.
Abu Obeida Hamaseko bozeramaile militarrak zehaztu duenez, askatuak Or Levi, Eli Sharabi eta Ohad Ben Ami izango dira, hurrenez hurren, 34, 52 eta 56 urteko gizonak.
Bestalde, Hamas Palestinako erresistentzia mugimenduak Israelekin urtarrilaren erdialdean itxitako su-eten akordioarekin duen konpromisoa berretsi du gaur, baina itunaren bitartekariei dei egin die Israelgo agintariei presioa egin diezaieten, arlo humanitarioan hartutako konpromisoak bete ditzaten.
Abdulatif al Qanou Hamaseko bozeramaileak azaldu duenez, Israel "protokolo humanitarioaren ezarpena atzeratzen ari da", batez ere kanpin-dendak, hondakinak erretiratzeko materiala, erregaia eta Armada sionistak suntsitutako lurralde palestinarra zaharberritzeko materiala bidaltzeko konpromisoari dagokionez.
"Bitartekariei eskatzen diegu ahaleginak areagotzeko, okupazioari presioa egiteko eta protokolo humanitarioa ezartzera behartzeko", gaineratu du Al Qanouk Filastin egunkarian.
Azkenik, Al Qanouk eskerrak eman dizkie Donald Trump AEBko presidenteak palestinarrak Gazako Zerrendatik kanporatzeko aukeraren inguruan egindako adierazpenen aurka agertu diren herrialde guztiei.
Zentzu horretan, Abdel Fatah al-Sisi Egiptoko presidenteak eta Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak Gazako "berreraikuntza bizkortzeko" eskatu dute gaur, Zerrenda hustu eta palestinarrak deserriratu beharrean.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ostegunean ziurtatu zuenez, "merezi du arretaz entzutea" Trumpek Gazako palestinarrak modu masiboan deserriratzeko egindako proposamena, haren bulegoak goizaldean zabaldutako hitzaldi baten arabera.
Netanyahuk pozik hartu du Trumpek Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aurka sinatutako agindua, auzitegi hori "antisemita eta antiamerikarra" baita, horren hitzetan. Gazan ustez egindako gerrako krimenengatik eta gizateriaren aurkako krimenengatik Netanyahu atxilotzeko agindua eman zuen Nazioarteko Zigor Auzitegiak.
Bonbardaketak Zisjordanian
Bitartean, Israelgo Armadak Tamun hiria bonbardatu du gaur, Zisjordania okupatuaren iparraldean, bertako iturriek jakitera eman dutenez. Eremu horretan, erasoaldi militarrak 26.000 palestinar baino gehiago desplazatu ditu Tulkaremen eta Jeninen, zonaldeko agintarien arabera.
Seigarren egunez jarraian, Tamunen eta Faraako errefuxiatu-eremuan operazio militarra abiatu zuenetik, Israelek "hamar aldiz baino gehiagotan bonbardatu ditu hainbat gune eta kale, herritarrei mugitzea eta bidaiatzea galarazteko", salatu du Wafak aipatutako tokiko iturri batek.
Tamun hiriak bi egun daramatza etxeratze-agindupean. Israelek, berriz, errefortzuak bidaltzen jarraitu du Hamrako kontrol-postuaren bidez, azpiegiturak eta etxebizitzak suntsitzeko.