Mundua -
Su-etena Gazan
Hiru bahitu askatu ditu Hamasek, 183 preso libre utzi ditu Israelek eta gaixoak Rafahra eramaten hasi dira
Laugarren trukea egin dute gaur, Gazan adostutako su-etenari jarraikiz. Gainera, zaurituta edota gaixorik dauden 50 gazatar, tartean haurrak, Egiptora eraman dituzte, bertan artatuak izan daitezen.
agentziak | eitb media
484 egunez Gazako Zerrendan bahituta egon ostean, Hamasek Gurutze Gorriaren esku utzi ditu Ofer Calderon, Yarden Bibas eta Keith Siegel bahituak. Lehenengo biak Khan Junisen utzi dituzte libre, eta Israelen daude jada; hirugarrena, berriz, geroago askatu dute, Gaza hirian.
Bahitu eta preso palestinarren arteko laugarren trukea izan da, Hamasek eta Israelek Gazan su-etena ezartzeko adostutako akordioaren baitan.
Bahituak, emakumezko soldaduek egin zuten moduan, eszenatoki batera igo dira, diploma bat jaso dute, eta agur esan dute jendetzaren aurrean, Gurutze Gorriaren esku geratu aurretik.
Bibas israeldarra, 35 urtekoa, Shiri emaztearekin eta Ariel eta Kfir semeekin bahitu zuten. 2023ko azaroan, Hamasek jakinarazi zuen Shiri eta semeak hil egin zirela Israelgo Armadaren eraso batean, eta Armadak baieztatu ez badu ere, litekeena da hala izatea, ez baitaude askatuen artean.
Ofer Calderon, 54 urtekoa, Nir Oz kibbutzean bahitu zuten Shar eta Erez semeekin batera. 2023ko azaroan, Israelek eta Hamasek adostutako lehenengo su-etenean askatu zituzten semeak.
Keith Siegel da gaur libre utzi duten hirugarren eta azken bahitua. Ipar Karolinan jaio zen, duela 65 urte, eta 21 urterekin joan zen Israelera bizitzera. Aviva emaztea ere bahitu zuten, baina aske utzi zuten 2023ko azaroko su-etenean.
Askatu berritan, Tel Aviveko ospitalean artatu dituzte hirurak, eta bertan elkartu dira senideekin.
183 presoren truke
Bahituen truke espetxetik atera dituzten preso palestinarren kopurua 183ra igo dute, 2023ko urriaren 7ko erasoaren ostean atxilotutako 111 palestinar tartean.
Hasiera batean, 90 preso askatu behar zituzten, su-etenerako adostutako akordioaren arabera 30 atxilotu askatu behar dituztelako bahitu zibil bakoitzeko eta 50 soldadu bakoitzeko.
50 haur eta gazte Egiptora eramango dituzte
Zauriturik edo gaixorik dauden 50 haur eta gazte gazatar Egiptora eraman dituzte Rafahko mugatik, osasun-arreta jasotzeko, Munduko Osasun Erakundeak jakinarazi duenez. Maiatzaren 7an Israelek Rafahko muga hartu zuenetik lehenengo aldiz ireki dute pasabidea horretarako.
Mosab Abu Jalala 12 urteko umezurtza dago zaurituen artean. Israelgo Armadaren eraso batean zauritu zuten buruan, eta horren bi arrebek anputazioak izan zituzten. Gurasoak, berriz, hil egin zizkieten.
Munduko Osasun Erakundearen arabera, 12.000 gazatarrek jaso beharko lukete osasun-arreta Egipton; gerran zaurituak dira gehienak, baina gaixo onkologikoak ere daude horien artean.
Horretarako, Rafahko pasabidean 30 bat anbulantzia izan dira horien zain, ospitaleetara eramateko prest.