Mundua -

Aurrekontuak

2025erako aurrekontuetarako akordioa lortu dute Frantzian, baina sozialisten eta ultraeskuindarren zain

Ezkerreko gainerako alderdiek testua errefusatu eta zentsura-mozio batekin mehatxatu dute. Testua astelehenean bozkatuko dute.

François Bayrou lehen ministroa, erdian. Argazkia: EITB MEDIA
François Bayrou lehen ministroa, erdian. Argazkia: EITB MEDIA

François Bayrou lehen ministroa, erdian. Argazkia: EITB MEDIA

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako diputatuen eta senatarien batzorde mistoa 2025erako aurrekontu-proiektu bat egiteko bildu da gaur, eta akordioa lortu du. Hala ere, sozialistek eta ultraeskuindarrek onartu behar dute oraindik, beharrezkoa den gehiengo parlamentarioa lortzeko.

Zentroaren eta eskuin tradizionalaren babesari esker lortu dute akordioa, baina sozialistek eta ultraeskuindarrek dute herrialdearen gobernagarritasunerako giltza, eta dagoeneko euren errezeloak agertu dituzte testuari buruz.

Hala, gehiengo bat beharko da Asanblea Nazionalean, eta, horretarako alderdi bi horietako baten babesa beharko dute, ezkerreko gainerako alderdiak testuaren aurka agertu baitira eta zentsura-mozio batekin mehatxatu baitute.

Testua astelehenean bozkatuko dute. Gehiengorik ez duela uste badu, lehen ministroak, François Bayrou zentristak, boto parlamentariorik gabe eraman dezake aurrera, eta horrek zentsura-mozio batera eramango luke, izendatu eta bi hilabete eskasera, bere aurrekoak, Michel Barnier kontserbadoreak, egin zuenaren antzera.

Sozialistek eta eskuin-muturrak ez dute testuaren alde bozkatu batzorde mistoan, baina bi alderdietako batek ere ez du bere asmoa adierazi Exekutiboaren jarraipenari begira.

Boris Vallaud Asanblea Nazionaleko bozeramaile sozialistak nabarmendu duenez, kontzesio batzuk lortu dituzte, hala nola eskuin-muturrak mugatu nahi zuen etorkinentzako laguntza medikoari eustea, 4.000 irakasle-postu berrezartzea eta "pobreenak babesteko" beste neurri batzuk hartzea.

Proposatutako testuak asebetetzen ez dituela esan, eta gaineratu du bere botoari buruzko behin betiko erabakia astelehenean bertan hartuko dutela, 66 diputatuak batzen direnean.

Eskuin-muturra kritikoago agertu da. Jean-Philippe Tanguy bozeramaile ekonomikoaren esanetan, "ez dugu inolako kontzesiorik lortu", eta Marine Le Pen eta Jordan Bardella alderdiko buruzagiek "hurrengo pausoak astelehenean erabakiko dituzte", baina "marra gorriak errespetatu dizkigute", onartu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Frantziako Gobernua