Mundua -
ERABAKIA
Guantanamon 30.000 ohe prestatzeko agindua eman du Trumpek
"Batzuk hain dira arriskutsuak, ezen ez baikara beren jatorrizko herrialdeez fidatzen irten ez daitezen, ez baitugu nahi itzultzea. Beraz, Guantanamora bidaliko ditugu", esan du Trumpek.
Agentziak | EITB MEDIA
Donald Trump AEBko presidenteak memorandum bat sinatu du Pentagonoak eta Segurtasun Nazionaleko Departamentuak 30.000 ohe jar ditzaten Guantanamoko itsas basean, paperik gabeko migratzaileak atxilotzeko.
Memorandumaren testuak egungo zentroa "erabateko edukiera izateraino" zabaltzea aipatzen du, zifra zehatzik adierazi gabe, baina 30.000 ohe izango direla ziurtatu du Trumpek Etxe Zurian egindako ekitaldi batean.
"30.000 ohe izango ditugu Guantanamon, AEBko herriarentzat mehatxu diren legez kanpoko etorkin kriminal okerrenak atxilotzeko", ziurtatu du Trumpek ekitaldian, memoranduma sinatu aurretik.
"Batzuk hain dira arriskutsuak, ezen ez baikara beren jatorrizko herrialdeez fidatzen irten ez daitezen, ez baitugu nahi itzultzea. Beraz, Guantanamora bidaliko ditugu ", esan du Trumpek delitu txikiak egin dituzten migratzaileen aurkako lege bat aldarrikatzean.
"Leku gogorra da. Toki horretatik ateratzea zaila da", gaineratu du Guantanamori buruz.
Tom Homan Trumpen mugako agintariak kazetariei egindako adierazpenetan argitu duenez, ICEk erabiliko ditu aipatutako 30.000 oheak atxilotze zentroan. Orain arte Guantanamoko basera iristen diren migratzaileak AEBko agintariek itsasoan atzematen dituztenak dira, herrialdeko kostaldera iristen saiatzen direnean, batez ere Kubatik eta Haititik joandakoak.
Homanen arabera, zentroan "okerrenetik okerrena" izango da. Normalean, basean dagoen biztanleria migratzailea oso txikia izan ohi da.
The New York Times egunkariak argitaratutako datuen arabera, 2020tik 2023ra bitartean, 37 pertsona miratzaile baino ez ziren egon zentroan.
Miguel Diaz-Canel Kubako presidenteak salatu du "basakeria ekintza" izango litzatekeela horrelakorik egitea, eta gaineratu du Guantanamoko basea "Kubako lurraldean legez kanpo okupatuta" dagoela.