Mundua -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: Hegazkin istripua Washingtonen, garraioa doan 12 urtera arte eta Hamas-Israel trukea
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2025eko urtarrilaren 30ean, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Washingtongo hegazkin istripua: Bidaiari hegazkin batek eta helikoptero militar batek talka egin dute Washingtongo (AEB) Ronald Reagan aireportutik gertu, eta hainbat pertsona hil dira, agintariek baieztatu dutenez. Istripua —atentatu aukera baztertu du Pentagonoak— Washingtonen 21:00ak zirenean (03:00etan Euskal Herrian) gertatu da. Talkaren ondorioz, 64 pertsona zeramatzan bidaiari hegazkina eta hiru soldadu zihoazen helikoptero militarra Potomac ibaira erori dira, eta erreskate taldeek hilotzak baino ez dituzte atera bertatik.
- Garraio publikoa doan 12 urtera arte: 12 urteko eta adin horretatik beherakoak doan ibili ahal izango dira EAEko garraio publikoko zerbitzuetan gaurtik aurrera. Orain arte, doakotasuna 0 urtetik 6ra bitartekoa zen; orain, 13 bete arte izango da, eta horrek esan nahi du 130.000 adingabe inguruk eta haien familiek jasoko dutela onura.
- Hamasen eta Israelen arteko truke: Hamasek hiru israeldar aske utziko ditu gaur —Arbel Yehud zibila (29 urtekoa), Agam Berger emakume soldadua (20 urtekoa) eta Gadi Moses adineko gizona (80 urtekoa)—, baita Thailandiako bost herritar ere, Bahitu eta Desagertuen Familien Foroak baieztatu duenez. Trukean, Israelek 110 preso palestinar askatuko ditu espetxetatik.