Mundua -
AEB
Agintariek baztertu egin dute Washingtongo hegazkin-istriputik inor bizirik atera denik
64 pertsona zeramatzan bidaiari hegazkin batek eta helikoptero militar batek elkar jo dute Ronald Reagan aireportutik gertu. Bi aireontziak Potomac ibai izoztura jausi dira, eta bertatik gorpuak ateratzeko lanetan ari dira erreskate taldeak. Oraindik ez dute argitu zerk eragin duen ezbeharra.
Agentziak | EITB MEDIA
64 pertsona zeramatzan bidaiari hegazkin batek eta hiru soldadu zihoazen helikoptero militar batek talka egin dute Washingtongo (AEB) Ronald Reagan aireportutik gertu, eta agintariek uste dute inor ez dela bizirik atera ezbeharretik.
Istripua —atentatu aukera baztertu du Pentagonoak— Washingtonen 21:00ak zirenean (03:00etan Euskal Herrian) gertatu da. American Eagle airelinearen (American Airlinesen menpeko eskualdeko konpainia) hegazkina Wichitatik (Kansas) atera da eta aireportura hurbiltzen ari zen Black Hawk helikopteroaren kontra egin duenean.
Bi aireontziak Potomac ibaira erori dira, eta erreskate taldeek hilotzak baino ez dituzte atera bertatik. Izan ere, izozteko puntuan dago ibaia, eta kanpoaldean 4 ºC-ko tenperatura minimoak dituzte. Adituen ustez, uretan bizirik irauteko denbora 20 minutukoa da, gehienez. Oraingoz, 30 gorpu baino gehiago atera dituzte uretatik, NBC telebista kateak berri eman duenez.
"Erreskatea oso konplexua da. Erreskate taldeentzat muturreko baldintzak dira. Hotz egiten du, eta haizeak zakar jotzen du", azaldu du prentsaurrekoan John Donnelly Washingtongo Larrialdi Zerbitzuen buruak.
Fox telebista kateak emandako irudietan ikusten denez, bidaiarien hegazkina bitan zatituta dago, eta helikopteroa, ur azpian eta buruz behera.
AEBko agintariek larrialdi dispositibo zabala jarri dute martxan, eta bertan dira anbulantziak, suhiltzaileak, poliziak eta argidun helikopteroak, baita erreskate ontziak ere.
Ofizialki, ez dute jakinarazi zenbat lagun hil diren ezbeharrean, baina argi dago azken urteetan AEBn izandako hegazkin istripu larriena dela honakoa. 2009an izan zen azkena: 50 pertsona hil ziren Buffalon (New York), hegazkin batek etxe baten kontra eginda.
AEBko patinaje artistikoko atletak, bidaiarien artean
AEBko Patinaje Artistikoko Federazioak jakinarazi duenez, hainbat patinatzaile, euren entrenatzaile eta senitartekoak zihoazen istripua izan duen hegazkinean. "Kirolariak, entrenatzaileak eta familiak Wichitan, Kansasen, izandako lehiaketa batetik etxera itzultzen ari ziren", zehaztu dute ohar bidez.
Trump: "Saihestu zitekeen"
Ezbeharra jazo denean, zerua oskarbi zegoen eta ez zebilen haizerik. Oraingoz, bada, ez dakite zerk eragin duen istripua.
Donald Trump AEBko presidentea gertutik ari da jarraitzen istripuaren nondik norakoak. Kritiko azaldu da, gainera, saihestu zitekeela uste baitu.
"Gaua ARGIA zen, hegazkinak argiak piztuta zituen, zergatik ez du helikopteroak gora edo behera egin, jiratu? Kontrol dorreak zergatik ez dio esan zer egin hegazkina ikusi ote duen galdetzeaz harago? Saihestu zitekeen egoera tamalgarria da EZ DAGO ONDO!!!", idatzi du Truth Social bere sare sozialean.
Buruzagi errepublikanoaren esanetan, "hegazkinak bere ibilbidean zihoan, aireportura hurbiltzen" eta "helikopteroak harengana egin du zuzenean denbora luzez".
Ted Cruz Texaseko senatariak X sarean zabaldu duenez, bestalde, "Oraindik ez dakigu zenbat lagun zendu diren, baina badakigu hildakoak daudela".
Ronald Reagan aireportua Arlingtongo konderrian dago, Virginiako estatuan, eta Washingtondik gertuen dagoen aireportu komertziala da. Potomac ibaiak banatzen ditu Virginia eta Washington estatuak. Aireportua itxita dago, erreskate lanak errazteko.