Mundua -
SU-ETENA GAZAN
Bonba hotsen burrunbarik gabe esnatu da Gaza, menia indarrean sartu eta 24 ordura
Oraingoz, Hamas eta Israel adostutakoa betetzen ari dira. Atzo iluntzean Hamasek hiru bahitu israeldar askatu zituen, eta bart 90 preso palestinar libre utzi ditu Israelgo Armadak. Giza-laguntza ere ari da iristen Gazara.
EITB MEDIA
15 hilabeteko gerra aldia eta gero, bonba hotsik gabe esnatu dira Gazako Zerrendako herritarrak. Aurreikusita baino hiru ordu geroago sartu zen indarrean atzo su-etena, eta meniaren negoziatzaileen artean giroa oso tenkatuta badago ere, oraingoz, aldeek hitzartutakoa bete dute. Hamasek hiru bahitu israeldar askatu zituen atzo iluntzean, eta bart, 90 preso palestinar libre utzi ditu Israelgo Armadak. Egiptoko mugan zain zeuden ehunka kamioi ere sartu dira Gazan azken orduotan, laguntza humanitarioa emateko.
Emily Damari, Doron Steinbrecher eta Romi Gonen dira Hamasek atzo askatutako israeldarrak, 2023ko urriaren 7an bahitutakoak hirurak. Gurutze Gorriaren esku utzi zituzten, eta Israelgo Armadaren egoitza batera eraman zituzten. Onik daude, baina, badaezpada, Tel Aviveko Sheba ospitalera eraman zituzten, osasun azterketak egiteko.
Ordu batzuren buruan, Israelek 90 preso palestinar askatu zituen, horien artean, Jalida Jarrar diputatua. Oferreko espetxe militarretik hainbat autobus atera ziren, eta Ramallahraino eraman zituzten presoak. Milaka herritar zain zituzten bertan.
Meniaren lehen fasean (42 egunekoa) 33 bahitu israeldar eta 1.900 preso palestinar inguru askatzea adostu dute aldeek; emakumeak eta umeak, gehien-gehienak. Denbora tarte horretan, bigarren faserako negoziazioak hasiko dira, zeinetan preso eta bahitu guztiak askatzea aurreikusten den. Halaber, gerraren amaierako oinarriak ere hitzartu beharko dira. 45.000 palestinar baino gehiago hil dira Israelen erasoetan azken 15 hilabeteotan.