Mundua -

AEB

"Ultraaberats gutxi batzuk boterea pilatzen" ari direla ohartarazi du Bidenek bere agurrean

Trumpek kargua hartzeko bost egun falta ez diren honetan, oraindik AEBko presidentea denak uste du sortzen ari den oligarkia hori "geldiarazten ez bada, ondorioak larriak" izango direla.

Biden, bulego obalean emandako hitzaldian. EFE
Biden, bulego obalean emandako hitzaldian.

Biden, bulego obalean emandako hitzaldian. EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden AEBko presidenteak ohartarazpen batekin egin dio adio bere agintaldiari. Esan duenez, herrialdean "oligarkia sortzen ari da", bestela esanda, "ultraaberats gutxi batzuk boterea pilatzen ari dira, horrek dakarren arriskuarekin". Horren aurrean, "kezkatuta" azaldu da.

"Une honetan AEBn olikargia sortzen ari da, aberastasun, botere eta eragin konzentrazio neurrigabea du oinarri, eta geldiarazten ez bada, ondorioak larriak izango dira", adierazi du bulego obalean egindako hitzaldi batean.

Bidenen ustez, oligarkia hori "mehatxu zuzena da gure (AEBko) demokraziarentzat, oinarrizko eskubide eta askatasunentzat eta denek aurrera egiteko dituzten aukera berdintasunarentzat".

Nabarmendu duenez, "AEBko presidentearen boterea ez da mugagabea, eta ezin du izan, eta demokrazia batean, botere eta aberastasun pilaketak arrisku handiak dakartza".

Musk eta Zuckerberg ahotan (ez ditu izenak aipatu), "herrialdea arrisku bizian jar lezakeen talde industrial teknologiko baten sorreraz" hitz egin du. "Faltsukerien eta desinformazioaren olatupean daude estatubatuarrak. Prentsa librea galbidean dago, eta editoreak, desagertzen. Sare sozialek gertakariak kontrastatzeari utzi diote", salatu du.

Trump zuzenean aipatu gabe, hari buruzko erreferentziaz betetako agur hitzaldia egin du Bidenek. Buruzagi demokratak lau urteko agintaldiaren balantzea egiteko baliatu du agerraldia. Horren arabera, aipagarriak dira sortutako enplegua, Gazan lortutako su-etena, NATO indartzea, Txinari egindako lehia, eta "askoz gehiago".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Joe Biden