Mundua -
Ekialde Hurbila
Israelek onartu du 170.000 arma baino gehiago konfiskatu dituela Gazan, Libanon eta Sirian
Gainera, Israelgo Armadak zehaztu duenez, Baxar al-Assad boteretik kendu ondoren, Siriako lurraldeari eraso zioten tropek 3.300 arma baino gehiago bereganatu dituzte. Siriako agintari berriek ez dute oraingoz horren gainean deus esan.
Agentziak | EITB Media
"Orain arte, Israelgo Defentsa Indarrek (FDI) 170.000 arma baino gehiago konfiskatu dituzte borroka fronte guztietan: Gazako Zerrendan, Libanon eta Sirian", onartu du Israelgo Armadak ohar baten bidez.
Atzemandako arma horien etorkizuna zein izango den ez dute zehaztu; izan ere, Tel Avivek ez du ezer esan horri buruz oharrean, eta, beraz, ez da zehazten suntsituko diren edo erasoetan erabiliko diren.
Gainera, Israelgo Armadak baieztatu duenez, abenduan Baxar al-Assad erori ondoren Siriako lurraldeari eraso zioten tropek 3.300 arma baino gehiago bereganatu dituzte, Siriako Armadaren tankeak barne.
"2012. dibisioko indarrek defentsa aurreratuko misioarekin jarraitzen dute Sirian, Israelgo biztanleei segurtasuna eta babesa emateko, bereziki Golango gainetakoei", azaldu du Armada sionistak. Modu horretan Sirian okupatutako eta 1981ean legez kanpo anexionatutako eremuari erreferentzia egiten dio oharrak.
Hala, azpimarratu duenez, Israelgo indarrek 3.300 arma baino gehiago "aurkitu eta konfiskatu" dituzte, antikarro sistemak, mortero jaurtigaiak eta behaketa ekipamenduak, besteak beste. Siriako agintari berriek ez dute oraingoz horren gainean baloraziorik egin.
Israelek ehunka bonbardaketa egin zituen Siriaren aurka, eta tropak bidali zituen Siriako lurraldera, Hayat Tahrir al-Sham (HTS) buru zuen erasoaldiak Al-Assad boteretik kendu ondoren. Garrantzi estrategikoko Hermon mendiaren alde siriarra okupatu zuen Armada sionistak.
Israelgo agintariek adierazi dutenez, operazio horien helburua "herrialdearen gaitasun militarrak suntsitzea da, Israeli eraso egiteko erabil ditzaketen taldeen eskuetan eror ez daitezen". Tropa sionistak lurraldetik erretiratzeko eta Siriako Estatuaren lurralde osoa errespetatzeko deiak berriro ere alferrikakoak izan dira.