Mundua -

Menia Gazan

Nazioarteak Hamasen eta Israelen arteko su-eten akordioa txalotu du, baina ñabardurekin

"Nire diplomaziak ez ditu inoiz lortzeko ahaleginak eten", ziurtatu du AEBko presidenteak. EBk pozik hartu du akordioa, "eskualde osora itxaropena daramalako". Guterresek ere txalotu egin du su-etena, baina "lehen urrats kritikoa" dela gogorarazi du.

Gazatar batzuk janaria jasotzen, Khan Junisko errefuxiatuen kanpalekuan. EFE
Gazatar batzuk janaria jasotzen, Khan Junisko errefuxiatuen kanpalekuan.

Gazatar batzuk janaria jasotzen, Khan Junisko errefuxiatuen kanpalekuan. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden AEBko presidentea Israelen eta Hamasen arteko akordioa dela eta pozik agertu da gaur, eta "diplomazia lan biziko" hilabeteei eta erresistentzia palestinarraren aurka egindako "muturreko presioari" esker izan dela erantsi du.

"Nire diplomaziak ez ditu inoiz hori lortzeko ahaleginak eten", ziurtatu du Bidenek ohar batean, eta ongietorria eman dio Hamasen kontrolpean dauden gatibuak askatzea bermatzen duen akordioari.

"Hamasi egindako muturreko presioaren eta Libanoko su-etenaren eta Iranen ahultzearen ostean eskualdeko ekuazioan izan diren aldaketen emaitza ez ezik, AEBko diplomazia nekaezin eta biziaren emaitza ere bada", adierazi du Bidenek.

"Nik 2024ko maiatzaren 31n planteatu nituen egitasmo horren nondik norakoak, eta, horren ostean, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak aho batez babestu zuen", adierazi du Bidenek.

Era berean, Europar Batasunak akordioa txalotu du, "eskualde osoari itxaropena ematen diolako" eta "indarkeriaren amaierarako aurrerapauso garrantzitsua eta positiboa" delako. Ildo horretan mintzatu dira Ursula von der Leyen Europako Batzordearen presidentea, Kaja Kallas EBko Kanpo Arazoetako goi-ordezkaria eta Roberta Metsola Europako Parlamentuaren presidentea.

Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak ere txalotu egin du su-etena, baina ez da hain baikor agertu eta gogorarazi du "lehen urrats kritikoa" dela, eta erantsi du "batasuna eta okupatutako Palestinako lurralde osoa babesteko" helburua ez dela ahaztu behar.

Gainera, azpimarratu du orain lehentasuna "gatazka honek eragindako sufrimendu izugarria arintzea" eta palestinarrei zuzendutako ahalegin humanitarioa areagotzea dela.

Abdelfatah al-Sisi Egiptoko presidenteak laguntza humanitarioa bizkortzea eskatu du, "hondamendiari aurre egiteko". "Egiptok beti jarraituko du itunarekiko leial izaten, bidezko bakearen aldeko, hura lortzeko bazkide leial eta palestinarren eskubide legitimoen defendatzailea", azpimarratu du Al-Sisik.

Arabiar Emirerri Batuek, Jordaniak eta Saudi Arabiak bi aldeei akordioa betetzeko eskatu diete eta, aldi berean, Gaza berreraikitzen hasteko eskatu diote nazioarteari.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren presidenteak txalotu egin du akordioa, eta nabarmendu du "ezinbesteko urratsa" dela bi estatuen konponbiderako, eta "nazioarteko zuzenbidea errespetatzen duen bidezko bakerako". "Itxaropenez jasotzen dut Israelek eta Hamasek lortutako su-eten akordioa", idatzi du Sanchezek X sare sozialean, eta "gatazkari amaiera eman behar dio, Gazako egoera humanitario lazgarriari aurre egin eta bahitu guztiak askatzeko".

Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak adierazi duenez, akordioaren zain "aspalditik geunden", eta bi Estatuetan oinarritutako "egonkortasun eta segurtasun" konponbidea eskatu du.

"Orain, akordioa ezarri behar da. Bahitu guztiak askatu behar dira", idatzi du Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak X sare sozialean.

Amnistia Internazionalak deitoratu du su-etenaren akordioa berandu datorrela eta ez dituela "genozidioak suntsitutako palestinarren bizitzak bueltatuko". "Su-eten akordio bat lortu dela jakiteak lasaitasun izpia ekarriko die Israelgo genozidioaren biktimak diren palestinarrei. Baina asko atzeratu den albistea da", esan du Agnes Callamard erakundearen idazkari nagusiak ohar batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak NBE Pedro Sánchez Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Palestina Joe Biden Ekialde Hurbila