Mundua -

Su-etena Gazan

Trumpek aurrea hartu dio Bideni, eta berak iragarri du su-etena

AEBko presidente hautetsiak inork baino lehenago iragarri du akordioa, eta berari esker gauzatu dela defendatu du.

Donald Trump. EFE
Donald Trump. EFE

Donald Trump. EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidente hautetsiak ezustekoa eman du, eta inork baino lehenago iragarri du Israelek eta Hamasek su-etena adostu dutela, negoziazioetan parte hartzen ari ez zen arren.

"Akordioa dugu Ekialde Hurbileko gatibuak laster aske gera daitezen. Eskerrik asko!", adierazi du Trumpek, Truth Social sare sozialean.

Beste mezu batean, errepublikanoak esan du bere hauteskunde garaipenari esker gauzatu ahal izan dela su-eten akordioa.

Horren ildotik, aurreratu du bere Gobernua "elkarlanean" arituko dela Israelekin, Gaza "terroristen gotorleku" ez bihurtzea bermatzeko.

"Asko lortu dugu Etxe Zurian egon gabe. Pentsatu zenbat gauza zoragarri gertatuko diren Etxe Zurira bueltatzen naizenean", gaineratu du.

Azken hilabeteetan, Joe Biden AEBko egungo presidentearen Gobernuak bitartekari lanak egin ditu, Egiptorekin eta Qatarrekin, Israelek eta Hamasek akordioa lor zezaten.

Trumpek "infernua" sentiaraztea promestu zion Hamasi, astelehenean AEBko presidente kargua hartu baino lehen gatibu guztiak askatu ezean. Negoziazioen azken txanpan, presidente hautetsiak ordezkari bat izan du bileretan: Steve Witkoff Ekialde Hurbilerako ordezkari berezia.

Biden-Trump elkarlana

Trumpek iragarpena egin eta ordu batzuetara, Bidenek agerraldia egin du. Horretan, su-etena baieztatu du, eta Trumpi keinua egin dio. Izan ere, azken egunetan bion taldeak "bakarra balira bezala" aritu direla esan du.

"Banekien hurrengo Gobernuak gauzatu beharko duela akordioa. Beraz, hurrengo taldearekin elkarlanean aritzeko agindu nion nireari", azaldu du, Etxe Zuritik.

Hori bai, kazetari batek galdetu dionean akordioaren meritua norena ote den, Trumpena edo berea, alegia, Bidenek erantzun du: "Txantxetan ari zara, ezta?".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Israel Hamas