Mundua -
AEB
Musk, Europako ultraeskuinaren babesle (Trumpi berari itzala eginez)
Milioidunak, Trumpen gobernuan aparteko kargua izango duenak, Alemaniarako Alternatiba (AfD) ultraeskuindarrari babesa agertu dio asteon, eta Keir Starmer lehen ministro britaniarra nola kargugabetu aztertzen ari omen da. Bruselak ez die oraindik esku-sartzeoi erantzunik eman.
E. G. | EITB Media
Munduko gizonik aberatsena izateaz gain (437.500 milioi dolarrekoa ondasuna omen), gero eta botere geopolitiko handiagoa bereganatzen ari da Elon Musk, batez ere Donald Trump hautagai errepublikanoak AEBko hauteskundeak irabazi zituenetik.
Tesla, SpaceX eta X sare sozialaren jabeak aparteko dohaintza —250 milioi dolar— egin zion Trumpen kanpainari, eta akaso horregatik, haren "bigarrena" bihurtu da eta Eraginkortasunerako Departamendua deiturikoa zuzenduko du administrazio berrian.
10 egun baino ez dira falta Trumpek presidente kargua hartzeko, eta Muskek politikariari berari itzala egitea lortu du Europako politikagintzan muturra sartuta. Babes argia erakutsi die Alemaniarako Alternatibari (AfD), Reform UK britainiarrari edota Batasun Nazionala frantsesari, denak ere ultraeskuindarrak.
Aurrez, erakutsita zeukan Javier Milei Argentinako presidentearekin, Giorgia Meloni italiarrarekin edo Viktor Orban hungariarrarekin duen sintonia ona.
Egunotan, baina, harago joan da eta azpimarratu du AfDk "bakarrik salba" dezakeela Alemania. Muskek Alice Weidel alderdi ultraeskuindarraren buruzagia elkarrizketatu du Xn, eta Hitlerri buruz esan du "industriak zoroen pare nazionalizatu zituen sozialista" izan zela.
Alemaniak aurreratutako hauteskundeak ditu otsailaren 23an, eta Musken adierazpenak esku sartze argia dira.
Auziaz galdetuta, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak ez du erantzunik eman nahi izan. "Ez diezaiogun trollari jaten eman", adierazi du Stern aldizkariari emandako elkarrizketa batean.
Erresuma Batuan, Reform UK alderdi ultraeskuindarraren alde azaldu da milioiduna, baina buruzagia aldatu beharko lukeela iradoki du: "Nigel Faragek ez du karguan jarraitzeko gaitasunik". Horren ordez, Stephen Yaxley-Lennon —Tommy Robinson izenarekin da ezaguna— proposatu du. Robinson islamaren kontrako erakunde baten sortzailea da eta kartzelan dago udan Londresen izan ziren liskar arrazisten bultzatzaile nagusi izatea egotzita.
Are gehiago, Financial Times egunkariak zabaldu berri duenez, Keir Starmer laboristaren gobernua erorarazteko ahaleginean legoke Musk. 2029ko hauteskundeei begira, laborismoa ezegonkortzeko moduak aztertzen ari da Teslaren jabea.
Brusela, oraingoz, tentuz
Musk Europako politikagintza nahasten ari dela iritzita, eskua hartzeko deia egin diote Frantziak eta Belgikak Europako Batzordeari. Jean-Noel Barrot Frantziako Atzerri ministroak EBko sare sozialen arautegia "zorrotzago erabiltzeko" eskatu dio Bruselari, eta egingo ez badu, Frantziako agintariei horretarako eskumenak emateko galde egin.
Ildo beretik mintzatu da Alexander De Croo Belgikako jarduneko lehen ministroak. "Gizon boteretsu eta aberatsak" Europako demokraziak desegonkortzen saiatzen ari direla salatu du De Crook eta Batzordeak zerbait egin behar duela. "Adierazpen askatasuna maite dut, baina hori ezin da aitzakia gisa erabili gezurrak eta manipulazioak esateko. Legea alde dugu esku hartzeko".
Europako Batzordeak jarrera epela azaldu du asteon. "Ez dugu balorazio politikorik egingo Musken inguruan, ez dugu eztabaida gehiago piztu nahi", adierazi dute Europako Gobernutik. Muskek adierazpen askatasuna duela nabarmendu du Bruselak, baina dena dela, Alemaniako demokrazia arriskua jar lezaketen faktoreak erne jarraituko dituela agindu du, betiere Europako Zerbitzu Digitalen Legeari jarraiki.