Mundua -
ARRANTZA
Lau euskal atunontzi harrapatuta daude Senegalgo portu batean
Iraungita duten arrantza baimena Europar Batasunak ez die berritu, eta beraz ez dute itsasoratzeko aukerarik.
EITB MEDIA
Lau euskal atunontzi daude Senegalgo portuan, ez aurrera ez atzera. Iraungita duten arrantza baimena Europar Batasunak ez die berritu, eta beraz ez dute itsasoratzeko aukerarik.
Bermeoko Pilar Torre eta Corona del Mar ontziak, Getariako Iribar-Zulaika, eta Hondarribiko Berriz San Francisco dira Dakarreko portuan atxikita dauden lau euskal arrantza ontziak. Urteak daramatzate atuna kainaberaz Senegalen arrantzatzen, Senegalek eta Europar Batasunak orain arte zuten arrantza akordioari esker, kontua da akordioa azaroan iraungi zela, eta Europar Batasunak ez berritzea erabaki duela, Senegalek legez kanpoko arrantzaren kontrako neurriak ezarri artean.
Ontziak han daude, eta arrantzale ta armadoreak batzuk ere bai, beste batzuk aldiz euskal herrira etorri dira. Bi hilabeteotan galerak pilatzen ari direla diote, eta egoera desblokeatzeako erakunde publikoen esku hartzea eskatzen dute.
Espainiako Gobernuari erabakiak hartzeko eskatu diote
Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuko Nekazaritza eta Arrantza Ministerioari eskatu dio Dakarren harrapatuta dauden Bermeoko lau atunontzien egoerari buruz erabakiak hartzeko, Europar Batasunaren eta Senegalen arteko arrantza-akordioa amaitu ondoren.
Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Amaia Barredok nabarmendu duenez, lau atunontziak Dakarren amarratuta geratu ziren lehen unetik, Eusko Jaurlaritza Nekazaritza eta Arrantza Ministerioarekin harremanetan jarri zen, Europako Batzordearekin ardura eta harremana duena, harrera egin ziezaien. Baina "Ministerioan EBk Mediterraneoan egindako akordioetan izandako arrantzaren eraginen zain zeuden", zehaztu du Barredok, eta Eusko Jaurlaritzak eskaerari erantzuteko zain jarraitzen du.
Eusko Jaurlaritzak lau itsasontzien arduradunekin hitz egin du, eta, premiaz, 'gutxieneko' laguntzak aztertzen ari da, bizi duten egoeragatik, diru-sarrerarik gabe eta zenbait gasturekin.