Mundua -

Kalifornia

10.000 eraikin txikitu dituzte suteek Los Angelesen

Bestalde, gutxienez hamar dira suteen ondorioz zendu diren pertsonak. Joe Bidenek iragarri du, sei hilabetez, Gobernuak bere gain hartuko dituela "Kalifornia hegoaldeko bizitzak eta ondasunak babesteko beharrezko diren neurrien % 100".

Sute biziak Los Angelesen. Argazkia: EFE
Sute biziak Los Angelesen
Gutxienez 10 pertsona hil dira Kaliforniako suteetan

0:43

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko agintariek jakinarazi dute hamar direla dagoeneko Los Angelesen kontroletik kanpo dauden suteetan hildako pertsonak. Gainera, auzo andana suntsitu ditu suak, Kaliforniako estatuan.

"Hildakoak identifikatu gabe daude oraindik. Asteak eman ditzakegu horretan, suteen egoera arriskutsua tarteko, zaila baita gorpuak dauden lekuetara iristea", adierazi dute.

Halaber, ohartarazi dute kasu gehinetan ezinezkoa dela hildakoak hatz-marken edo identifikazio bisualaren bidez identifikatzea, gorpuak erraustuta baitaude. "Horregatik, luzatu egingo da hildakoen identifikazioa", onartu dute.

Gobernuak bere gain hartuko ditu gastu guztiak sei hilabetez

AEBko presidente Joe Bidenek telefono bidez hitz egin du Kaliforniako gobernatzaile Gavin Newsomekin, Los Angleseko alkate Karen Bassekin eta beste hainbat goi kargudunekin, suteen azken ordua ezagutze aldera, eta iragarri du Gobernuak bere gain hartuko dituela "Kalifornia hegoaldeko bizitzak eta ondasunak babesteko beharrezko diren neurrien % 100".

10.000 eraikin suntsitu ditu suak

Los Angeles astintzen ari diren suteek 10.000 eraikin txikitu dituzte jada. Bitartean, suhiltzaileak lan eta lan dabiltza, haizeak bizitutako sugarrak itzali nahian.

"Dena ematen ari dira. Ez dut 25 urtean horrelakorik ikusi. Gure suhiltzaileak akituta daude, baina amorerik ez emateko eskatu diet", ziurtatu du Los Angeleseko Suhiltzaile Departamentuko buru Kristin Krowleyk prentsaurrekoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Suteak Eguneko albisteak Albisteak