Mundua -

Venezuela

Tentsio gorena Venezuelan, Maduroren inbestidura tarteko; Gonzalezek Caracasen egongo dela dio

Kargu hartze ekitaldia Caracasen 12:00ak direnean egingo dute. Bezperan, chavismoaren aldeko eta aurkakoek kaleak bete dituzte, eta Maria Corina Machado opositoreak atxilotu eta ondoren askatu dutela salatu du. Bestalde, astelehenera arte itxita egongo da Venezuela eta Kolonbia arteko muga.

Dozenaka polizia Venezuelako Parlamentuaren aurrean, inbestiduraren aurreko egunetan. EFE
Dozenaka polizia Venezuelako Parlamentuaren aurrean, inbestiduraren aurreko egunetan.
Dozenaka polizia Venezuelako Parlamentuaren aurrean, inbestiduraren aurreko egunetan. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ziurgabetasun erabatekoan esnatuko da gaur Venezuela, uztailaren 28ko hauteskundeetan hautatutako presidentearen kargu hartze egunean zer gerta. Venezuelako Hauteskunde Batzorde Nazionalak Nicolas Madurori aitortu zion garaipena, baina Edmundo Gonzalez Urrutia oposizioko buruak bozak berak irabazi zituela defendatzen du. Biek ala biek presidente kargua hartuko dutela nabarmendu dute.

Inbestidura saioa Venezuelako Parlamentuan egingo dute eguerdian (17:00etan, Euskal Herrian). Jauregiak egunak daramatza erabat blindatuta, segurtasun neurri zorrotzekin. Sei urteko agintaldia da gaur abiatzen dena, eta beste behin, bi sektoreen (chavismoa eta oposizioa) talka agerian geratuko da.

Nicolas Maduro presidenteak karguan berretsiko dutela adierazi du, baina chavismoak ez ditu garaipena ematen dioten hauteskundeen aktak kaleratu. Telegram sare sozialean adierazpenak egin ditu bart, ostegunean egindako manifestazioek "uztailaren 28ko herri garaipena berretsi" zutela esateko.

"Indar bolivartarrak gure aberriaren garaipena, bakearena, berretsi du gaur (atzoko egunagatik)", adierazi du. Horren hitzetan, "herri bolivartarrak, herritar xeheek Caracasko kaleak, auzoak eta etorbideak bete dituzte indarra eta leialtasuna erakutsita".

Oposizioak deituta, beste manifestazio handi bat izan zen Caracasen, eta bertan agertu zen, lau hilabetez gordeta egon ostean, Maria Corina Machado oposizioko burua. Machadok "Venezuelaren askatasunerako" prozesuaren "fase berri" baten hasiera iragarri zuen, eta datozen urratsen seinaleei adi egoteko eskatu zien jarraitzaileei.

Handik gutxira, Vente Venezuela alderdi antichavistak diputatu ohia  "bortizki geldiarazi eta atxilotu" zutela iragarri zuen. Gerora, baina, "aske" utzi zutela zabaldu zuen alderdi berberak. Venezuelako Gobernuak, ordea, goitik behera gezurtatu zuen albistea eta chavismoari "bandera faltsuko operazioa" egitea egotzi zion.

Bien bitartean, bere burua presidente hautetsitzat duen Edmundo Gonzalez Urrutiak bira egin du AEBtik eta Latinoamerikatik, nazioartean dituen babesak agerian utzi nahian. Egia bada herrialde askok hauteskundeen irabazletzat jo dutela, baina denek ez dute presidente hautetsi izendatzeko urrats sinbolikoa eman (hala aitortu dute AEBk, Argentinak eta Italiak). 

Europar Batasunak ez du jarrera bateratua erakutsi, eta Maduroren garaipena ez onartzera mugatu da, chavismoaren kontrako zigorrak iragarri baditu ere.

Edmundo Gonzalezek iragarri duenez, ostiral honetan Caracasen egongo da, presidente hautetsia bera delakoan.

Kolonbiako muga itxi du Venezuelak 

Astelehenera arte itxita egongo da Venezuela eta Kolonbia arteko muga, "bakea asaldatzeko asmotan" nazioarteko balizko azpijoko baten gainean zabaldu diren informazioen aurrean.

Nicolas Madurok emandako "agindua" da, eta lau egunez egingo da indarrean gaurko 05:00etatik (Venezuelako ordua) hasita. Neurriak eragiten dien pertsonei "ulermena" eskatu diete, batez ere egunero muga zeharkatzen duten horiei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Nicolás Maduro