Mundua -
AEB
Suteek kontroletik kanpo jarraitzen dute Los Angelesen eta oso latza da egoera
5 lagun hil dira gutxienez baina kopuruak gora egin dezakeela ohartarazi dute. 1.100 etxebizitza kiskali ditu suak eta dozenaka mila lagunek utzi behar izan dute euren etxea. 10.000 suhiltzaile ari dira lanean. Galerak milaka milioikoak dira.
EITB Media
Sugarrek ez dute atsedenik ematen Los Angelesen (Kalifornia, AEB) eta egoera oso larria da. Momentuz bost dira hildakoak baina, agintariek ez dute baztertzen hildakoen kopuruak gora egitea, suteek bizi-bizi jarraitzen dutelako, eremu berriak mehatxatuz, eta lehen erre diren eremuetan harrapatuta gelditu diren pertsonak ere egon daitezkeelako.
"Zenbait lekutan bonbak erori direla dirudi", hala deskribatu du egoera Robert G. Luna Los Angeleseko sheriffak, ostegun honetan prentsaurrean, eta azpimarratu du suhiltzaileak oso baldintza zailetan ari direla lanean. Biktima kopuruaz galdetu diotenean argi hitz egin du: "Hau krisi bat da, ez dakigu zer datorren. Hildakoez galdetzen diguzue, baina, pazientzia eskatu behar dizuegu. Gaur-gaurkoz, zintzo esanda, ez dakigu zenbat diren hildakoak". Izan ere, erre diren eremuen lurretan ezin izan dituzte oraindik bilaketako txakurrak sartu biktima gehiago egon ote litekeen egiaztatzera.
Ostegun arratsaldean sei sutek jarraitzen dute aktibo Los Angeles inguruetan. Palisades eta Eaton auzoetakoak dira larrienak, horietan 6.974 eta 4.290 hektarea suntsitu baititu suak, hurrenez hurren. Beste sute txikiago batzuekin batera, 11.770 hektareakoa da dagoeneko hirian suak hartu duen guztizko azalera. 10.000tik gora suhiltzaile ari dira lanean, jada historikotzat jo den hondamendi natural honetan.
1.100 etxebizitza erabat kiskali ditu suak eta DBRS aseguru etxeak 8.000 milioi dolarretan (7.769 milioi euro) kuantifikatu ditu orain arteko galerak.
Dozenaka mila lagunek euren etxea utzi behar izan dute, eta beste hainbeste dira edozein unetan ebakuazio agindua jasotzeko prest egoteko esan dietenak, sugarrak kontroletik kanpo baitaude, eta haizeak oraindik ere zakar joko baitu. Haizegatiko abisupean izango dira, hain zuzen ere, ostiraleko 14:00ak arte (Euskal Herrian ostiraleko 23:00ak).
Gainera, Kalifornian 425.000 etxebizitza eta negozio argindarrik gabe daude suteen ondorioz, argindarraren zerbitzua monitorizatzen duen PowerOutage.us atariaren arabera.