Mundua -
Uruguai
Mujica, minbizia gibelera hedatu zaiola jakinarazi ondoren: "Hiltzen ari naiz"
Uruguaiko presidente ohiak lasai uztz dezaten eskatu du eta, beraz, ez du elkarrizketa gehiago emango. Gainera, esan du ez duela tratamendu gehiagorik jasoko, azaldu duenez, bere "gorputzak ez du jasaten".
Agentziak | EITB MEDIA
Jose Mujica Uruguaiko presidente ohiak (Pepe Mujica izenez ere ezaguna) Búsqueda tokiko astekarian egindako elkarrizketa batean jakinarazi duenez, hestegorrian aurkitu zioten minbizia gibelera zabaldu zaio, eta, ondorioz, "hiltzen" ari dela iragarri du.
"Hestegorriko minbizia gibela kolonizatzen ari da. Ezinezkoa zait geldiaraztea. Zergatik? Zaharra naizelako eta bi gaixotasun kroniko ditudalako. Ezin dut tratamendu biokimikorik jaso, ezta kirurgiarik ere, nire gorputzak ez duelako jasaten", esan du.
Iragarri du ez duela elkarrizketa gehiagorik egingo, eta ziurtatu du ez duela tratamendu gehiagorik jasoko". "Lasai utz nazazue eskatzen dizuet. Ez zaitezte ibili nire atzetik elkarrizketak egiteko. Nire zikloa aspaldi amaitu zen. Benetan, hiltzen ari naiz eta gerlariak atseden hartzeko eskubidea du".
Bestalde, Mujicak aukera aprobetxatu du "lankideei" eta "herrikideei" agur esateko.
Aurtengo apirilaren 29an, Mujicak prentsaurreko batean iragarri zuen tumore bat zeukala hestegorrian: "Jakinarazi behar dizuet joan den ostiralean Casmu osasun-zentrora joan nintzela azterketa bat egitera, eta bertan aurkitu zutela tumore bat daukadala hestegorrian, eta, jakina, oso konprometitua dagoela, eta oso konplexua dela nire kasuan, gaixotasun immunologiko bat baitut duela 20 urte baino gehiago".
Handik gutxira, tumorea gaiztoa zela eta erradioterapiarekin tratatu behar zela adierazi zuen. Prozedura hori Montevideon egin zuen. Joan den abenduaren 27an, ebakuntza egin zioten, eta arrakastaz stent bat jarri zioten hestegorrian, ahotik jaten jarraitzea ahalbidetzeko.