Mundua -
GEOPOLITIKA
Zergatik nahi du Trumpek Groenlandia erosi?
AEBko presidente hautetsiak Danimarkako uhartea bere egiteko interesa agertu du, AEBren "segurtasun nazionalerako" gako delakoan. Erosi ezean, neurri militarrak agindu ditu. Zer dago interes horren atzean?
E. G. | EITB Media
Munduko uharterik handiena da Groenlandia. Izoztutako irlak (izotzak eremuaren % 80 hartzen du) 57.000 biztanle baino ez ditu, eta azken egunotan, lehen munduko agintari gehienen ahotan izan da, Donald Trumpek egindako adierazpenak direla eta.
AEBko presidente hautetsiak uharte artikoa erosteko eskaintza egin berri dio Danimarkari —1867an, Alaska bereganatu zuen AEBk—. Muzin egitekotan, argi utzi du ez duela baztertzen neurri militar eta ekonomikoak hartzea. Izan ere, Trumpen aburuz, "Groenlandia leku itzela da (...), beharrezkoa dugu gure interes ekonomikoentzat eta segurtasun nazionala bermatzeko".
Baina... Zergatik nahi du Trumpek lurralde hori? Zer du Groenlandiak hain desiragarri egiteko?
1) Baliabide naturaletan oso aberatsa
Groenlandiak, lurralde izoztu eta hezigabea izan arren, lurpe aberatsa du, hainbat baliabide natural biltzen ditu eta: petrolioa, gasa, urrea, uranioa...
Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuaren arabera, lurralde horretan petrolio asko dago, eta %13 oraindik aurkitu gabe dago. Izotza urtzeak aukera ematen du orain arte eskuraezina zen baliabide hori bereganatzeko.
Gainera, Groenlandiak munduko gas naturalaren erreserben %30 ditu, eta are elementu baliotsuagoa: lur arraroak. Lurrazalean nekez aurki daitezkeen 17 elementu kimiko dira. Lur arraroak ezinbestekoak dira kontsumo teknologiak eta produktuak fabrikatzeko. Horiekin auto elektrikoen bateriak, mugikorrak eta armamentuak ekoizten dira, eta berriztagarrien industrian ere erabiltzen dira.
Gaur egun, hain baliotsuak diren mineral horien ekoizlerik handiena Txina da, eta hor sartzen da jokoan AEB eta eta haren arteko lehia. Ameriketako Estatu Batuek Txinako lur arraro horietako 10etik 8 inportatzen baitituzte.
2) Nabigazio-ibilbide berria
Artikoko izotza urtzeak nabigazio-ibilbide berriak ireki ditu, eta gaur egungoek baino kostu eta denbora gutxiago dute (itsasontziek Suezko kanala edo Panamakoa zeharkatu behar dute). Ibilbide Transpolar izenekoak aukera emango zien ontziei Ozeano Atlantikotik Ozeano Barera igarotzeko Groenlandian, Kanadan eta Alaskan barrena.
Beraz, Groenlandiako balizko kontrolak abantaila emango lioke Estatu Batuei Errusia, Kanada, Eskandinaviako herrialdeak eta Txina lehiakideen aurrean.
3) Defentsa-elementua
Ukrainako gerra piztu zenetik, Errusiak bere presentzia militarra handitu du Artikoko lurraldean. Aldi berean, Txinak bertako energia eta meatzaritza enpresa batzuen akzioak erosi ditu, eta duela urte batzuk abandonatutako base militar bat erosten saiatu zen.
Estatu Batuek presentzia militarra dute jada inguru horretan, Kanadarekin egindako aliantza bati esker. Hala ere, pixkanaka urtzeak duen interes geopolitikoa handitzen du. Trumpek berak argudiatu du Groenlandia funtsezkoa dela Estatu Batuen "segurtasun nazionalerako".
Hainbat erosketa-saiakera
Groenlandiaren kolonizazioa X. mendean hasi zen, nahiz eta uhartea XIX. mendera arte ez zen Danimarkaren kontrolpean geratu. 1979az geroztik, metropoliarekiko autonomia du, eta 2008an Kopenhagek uko egin zien eskumen gehienei, segurtasunerako funtsezkoak diren eremuei izan ezik, hala nola atzerri-politika eta Defentsa. 2009tik, Groenlandiak eskubidea du erreferendum bidez bere burua independente aldarrikatzeko.
"Groenlandia ez dago salgai", azpimarratu dute Mute Egede tokiko lehen ministroak eta Mette Frederiksen Danimarkako Gobernu zentralaren buruak.
Estatu Batuek 1867an proposatu zuten Groenlandia erostea. Ia zortzi hamarkada geroago, 1946an, garai hartan presidente zen Harry S. Trumanek 100 milioi dolar eskaini zizkion Danimarkari urrean. Trumpek ez du esan zenbat ordaintzeko prest egongo litzatekeen orain, baina bere interesa publiko egin du, kargua hartu ere egin ez duen arren.