Mundua -
SUTEAK KALIFORNIAN
Gutxienez bost pertsona hil dira Los Angelesen piztuta dauden sei suteetan
Joe Biden AEBko presidenteak bertan behera utzi du Italiara egitekoa zuen bidaia ofiziala, eta Hollywoodeko Akademiak Oscar sarietarako izendapenak aurreikusitakoa baino bi egun geroago iragarriko ditu, urtarrilaren 19an, alegia.
AGENTZIAK | EITB Media
Sua mendean hartu ezinik jarraitzen dute Los Angelesen, Kalifornian, eta gutxienez bost pertsona hil dira, dozenaka lagun zauritu eta 1.000 eraikin inguru kiskali dira oraindik ere piztuta dauden sei suteen ondorioz. Halaber, agintariek 100.000 pertsona inguru ebakuatzeko agindua eman dute .
Sei sute horietatik lauk kontroletik kanpo jarraitzen dute, eta horietako bik (Palisades eta Eaton) 11.000 hektarea inguru erre dituzte, Kaliforniako Suteen Babeserako Departamentuak zabaldutako informazioaren arabera.
Orain arte erregistratu den azken sutea Hollywood Hills gainetan piztutakoa da, eta, ondorioz, bertako agintariek Mulholland Drive eta Hollywood Boulevard arteko ingurua ebakuatzeko agindu dute. Gainera, Hollywoodeko Ospearen Pasealekuan ebakuazio alerta ezarri dute.
Bestalde, Hollywoodeko Akademiak Oscar sarietarako izendapenak urtarrilaren 19an iragarriko ditu, hasieran aurreikusi baino bi egun geroago. Halaber, suteek eragindako egoera dela eta, Hollywoodeko Akademiak erabaki du botoa emateko epea bi egun luzatzea, urtarrilaren 14ra arte.
Testuinguru horretan, Joe Biden AEBko presidenteak bertan behera utzi du Italiara egitekoa zuen bidaia ofiziala.