Mundua -

LURRIKARA

500 erreplikatik gora zenbatu dituzte Tibeten, eta erreskate taldeak lanean daude oraindik

Asteartean Tibet astindu zuen 6,8ko indarreko lurrikarak gutxienez 126 hildako, 188 zauritu eta 30.000 ebakuatu eragin ditu.

Erreskate taldeek hondakinen artean bizirik egon daitezkeen pertsone bila jarraitzen dute. EFE
Erreskate taldeek hondakinen artean bizirik egon daitezkeen pertsone bila jarraitzen dute
Erreskate taldeek hondakinen artean bizirik egon daitezkeen pertsone bila jarraitzen dute. EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Tibet astindu zuen 6,8ko indarreko lurrikararen ondorengo orduetan 500 erreplika baino gehiago zenbatu dituzte. Bertako agintariek zabaldutako azken balantzearen arabera, gutxienez 126 hildako, 188 zauritu eta 30.000 ebakuatu eragin ditu.

Gaur goizeko 08:00ak arte (01:00 Euskal Herrian) 515 erreplika erregistratu dira Tibeten. Lur astindu handia atzo gertatu zen Shigatseko prefekturan 09:05 zirenean (02:05ean, Euskal Herrian). Lurrikarak 10 kilometroko sakoneran izan zuen epizentroa, Tingri konderrian, Txinako Sismologia Zentroaren arabera. Epizentroa Everest menditik 85 kilometrora dagoenez, segurtasuna bermatzeko ingurua aldi baterako itxi dute.

515 erreplika horietatik hiruk 4ko indarra gainditu dute, eta handiena 4,4koa izan da.

Astearteko lurrikararen ondorioz, gutxienez 3.609 etxebizitza behera etorri dira eta hondakinen azpitik gutxienez 407 pertsona erreskatatu dituzte, Xinhua albiste agentziaren arabera.

Erreskate taldeek erlojuaren kontra lanean jarraitzen dute eraikinen azpian bizirik egon daitezkeenak bilatzeko eta etxerik gabe gelditu direnei aterpea emateko.

Xi Jinping Txinako presidenteak "ahalegin handia" egiteko eskatu du "bizitzak salbatzeko eta biktimen kopurua murrizteko" ez ezik, baita bigarren mailako hondamendiak saihesteko eta kaltetuei ostatua emateko. 

Txinako agintariek 100 milioi yuan (13,1 milioi euro) bideratuko dituela agindu du hondamendiaren ondorioei aurre egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Lurrikarak Asia