Mundua -

AEB

Trumpek ez du baztertzen Panamako kanala eta Groenlandia kontrolatzeko neurri militarrak hartzea

Trumpek urtarrilaren 20an hartuko du presidentetza, eta polemika sortzen jarraitzen du bere hedapen-asmoekin.

Donald Trump, artxiboko irudian. Argazkia: EFE
Donald Trump, artxiboko irudian. Argazkia: EFE
Donald Trump, artxiboko irudian. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidente hautetsiak, astearte honetan, ez du baieztatu Panamako kanalaren kontrola berreskuratzeko eta Groenlandia eskuratzeko neurri militarrak eta ekonomikoak erabiltzea baztertuko duenik.

"Ziurta dezaket ez ditugula aukera horiek erabiliko? Ez, ezin dut", adierazi du Trumpek Floridan emandako prentsaurrekoan. "Lurralde horiek behar ditugu gure segurtasun ekonomikorako", gaineratu du.

Panamako kanalaren kontrola berreskuratzeko nahia azaldu du Trumpek, Txina azpiegituraren "kontrola" hartzen ari dela esanez. Gogoratu duenez, kanala "gure armadak eraiki zuen", eta gogor kritikatu du Jimmy Carter presidente ohiak 1999an horren kontrola Panamari uzteko hartutako erabakia: "Ezinbestekoa da gure herriarentzat. Txinak operatzen du. Panamari eman genion, ez Txinari, eta opari horretaz abusatu dute. Ez zukeen erabaki hori sekula hartu behar izan".

Danimarkari muga-zergak ezartzeko mehatxua ere egin du Trumpek, Groenlandia erosteko eskaintzari uko egiten jarraitzen badu, uhartea segurtasun nazionalerako giltzarritzat joz. Horren aurrean, Danimarkak berretsi du Groenlandia ez dagoela salgai.

Gainera, presidente hautetsiak Mexikoko Golkoaren izena "Amerikako Golkoa" izenarekin aldatzea proposatu du, "izen ederra" dela esanez eta subiranotasuna berresteko ideia justifikatuz.

Bestalde, NATOko kide diren herrialdeek defentsan egiten duten gastua BPGren % 5era igotzea eskatu du, egungo % 2ko helburua baino askoz ere handiagoa, "ahal" dezaketela argudiatuta.

Trumpen proposamenek kritikak eragin dituzte nazioartean, eta Mexikoko eta Panamako agintariek oraindik ez dute adierazpenik egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Txina Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Panama